Euskal Herria Underground 1986-2015: bidaia elektroniko bat aurkeztuko duzue asteburuan Laudion. Non eta nolakoa izango da aurkezpena?
DrumGorri aretoan aurkeztuko dugu. Lehen aurkezpena “etxean” izango da. Laudion ordu asko sartu ditugu Zeberioko askok. Bertan ikasi genuen gutako askok 1980ko eta 1990eko hamarkadan, Laudio BHIn, garai hartan Aiala Kantzelaria zena. Eta horrek, zeberioztarra izanik, aukera eman zidan mundu zabalxeago bat ezagutzeko. Jende asko ezagutzen dut Laudion, eta bizipen asko partekatu ditut eurekin.
Bi laudioar hautatu dituzu liburu honetarako, zergatik? Laudio garrantzitsua da teknoaren mundu euskaldunean?
Laudio eta inguruak beti izan dira musika eta adierazpen artistikoetarako leku aproposak. Ez da kasualitatea berton sortu izana Eskupitajo, Danba edota Lur bezalako taldeak. Edota hainbat idazle eta artista izatea inguruan. Halakoak sortzen dira testuinguru berezi batean: Squata, Gaztetxea, eraikin autogestionatuak…
Halako egoera batean, normala izan zen 1990eko hamarkadan teknozale taldea sortzea. Halako testuinguru sortzaileetan, gauza berriak deskubritzeko grina izaten da, malaletxea, eta musika elektronikorako jauzia halaxe ulertu behar da Laudio, Bergara edo Arrasate bezalako herrietan.
Hiru hauek aipatzen ditut, nire ustez, antzekotasunak dituzten herriak direlako, eta denetan teknozale talde indartsuak sortu zirelako, nahiz eta egia izan gaizki ikusiak izan zirela sarritan.
"Rock eta punk erradikal hura asko ari zen luzatzen, edo sentsazio hori bazen behintzat, agian inkontzienteki, eta jende asko seguruenik apurketa handi baten zain zegoen"
Rock eta punk erradikal hura asko ari zen luzatzen, edo sentsazio hori bazen behintzat, agian inkontzienteki, eta jende asko seguruenik apurketa handi baten zain zegoen. Gainera, musika elektronikoak, hasiera batean, post-punka eta rock dantzagarria eta musika industriala nahastetik ekin zion bideari. Ez zen hain ezberdina, baina… Laudion, gainera, hardcorea, hip-hopa eta beste hainbat musika ere baziren modan gazteen artean.
Bi laudioar agertzen dira liburuan, bai, eta beste zenbait ere aipatzen dira. Nuria Beat da liburuko elkarrizketatuetako bat, eta Jabi Solana, “Jabitxu”, hitzaurreko protagonistetako bat, Larrabetzuko Markelekin batera. Neuk ere, musika elektronikoaren barruan, Laudioko jendeari zor diot dudan kriterio edo jakintza.
Eurek lagundu zidaten bazterreko musika elektronikoa deskubritzen. Hasiera batean, irizpide handi barik nenbilen musika elektronikoaren munduan. Gauzak entzun, baina jakin barik zer entzuten nuen.
Nuriak, denbora gutxian, egundoko abilezia erakutsi zuen biragailuetan, eta gure herriko eszena undergroundean sartu zen. Ez zen emakume askorik ibiltzen kabinetan, eta mutilek baino meritu handiagoak egin behar izan zituzten hor egoteko.
Emakume gutxi agertzen dira liburuan, gizonezkoen mundua zen jaso duzuna?
Jaso dudana zera da… garai hartako argazkia. Hiru emakume agertzen dira: Idoia Lacalle, Paula Cazenave eta Nuria Prieto. Eta ez zen askoz gehiagorik egon. Idoia Lacalle estatuko lehena ere izan zen. Eta hiruren testigantzek argi uzten dute gogor borrokatu behar izan zutela sarritan. Mutil askok baino zailagoa izan zuten askotan.
"Hiru emakume agertzen dira: Idoia Lacalle, Paula Cazenave eta Nuria Prieto. Eta ez zen askoz gehiagorik egon"
Baina hori ez zen mundu elektronikoan soilik gertatu. Beste agertoki edo adierazpen artistiko guztietan gertatu den kontua da. Argi eta garbi dago nortzuk ibili behar izan duten beti periferia edo ertzetan.
Zergatik 1986-2015? Teknologia digitalek DJ lanetan izan duten eraginaren ondoriozko tartea da hori? DJetan zentratutako liburua den neurrian...
Aro hori aukeratu dut mugimendu haren hasiera eta heriotza izan zelako. Klub asko itxi, eta areto gutxi geratu ziren. Eta egia da analogikotik digitalerako jauziak mugimendu hura geldotu zuela. Artista batzuek tarte luzetxoa hartu zuten hausnarketarako, euren jardunari buruz pentsatzeko. Eta, gainera, klub askok ekipo analogikoak kendu zituzten.
DJetan zentratutako liburua dela esan duzu, baina ez nago ados. Liburuan denetik dago: DJak, binilo denden jabeak, ekoizleak, zigilu-jabeak, kontratazio handiak egin zituztenak, nazioartean famatuak izan zirenak (eta direnak), gure herrian ospea izan zutenak… denetik sartu nahi izan dut, garai hartako eszena elektroniko bazterrekoaren irudi ahalik eta osoena.
Underground hitza baliatu duzu eta egia da DJ batzuk ez direla oso ezagunak publiko orokorrarentzat, baina badago, adibidez Kike Pravda ere. Zein izan da irizpidea?
Kike Pravda, El_Txef_A edota Paula Cazenave musika elektroniko bazterrekoan ospetsuak dira gaur egun, oso. Musika elektronikoaz dakien jendeak argi eta garbi daki nortzuk diren. Juan Luis Arana JLA FORM aitzindarietako bat izan zen.
"Hasierako urteak beti izaten dira puru edo inuzenteagoak. Eta garai analogikoa izan zen seguruenik garai hoberena"
Zer esan Idoia Lacalle edo Julen Etxazarretaz. Gipuzkoako agertoki elektronikoa martxan jarri zuten. Eta liburuan agertzen diren beste artistak ere (Ima Intermusic, Trampas, Koldo Intermusic, Asier Meataka, Alain Elektronische, Balza, Gorka Undersound eta Nuria Beat) ezagun-ezagunak dira. Kontua da musika elektronikoak ere bere publikoa duela. Agian ez beste musika batzuek duten bezain beste. Eta bazterrekoa bada, ba are publiko fin edo “selektoagoa” da.
DJ askok aipatzen dute teknoaren urrezko garaia, nolabait, igaro dela. Zeintzuk izan ziren horien ezaugarriak eta urteak?
Hasierako urteak beti izaten dira puru edo inuzenteagoak. Eta garai analogikoa izan zen seguruenik garai hoberena. Orduak eta orduak sartzen zituzten artistek biragailuen aurrean.
Gaur egun, ekipo digitalek errazegi jarri dute dena. Dibertigarriak izan daitezke, baina jakintza handia galdu da bidean. Biniloen gainbehera ere etorri zen eta, harekin batera, ikertzeko grina. Gaur egun askok ez dakite, atzera-atzera joan barik, zein den Robert Hooden Minus, Hawtinen disko laranja, edota Mathew Jonsonen lehen lanak. Konparazio baterako, hori bada punk talde bat izan eta The Clash, Sex Pistols edota RIP ez ezagutzea bezalakoa.
Musika elektronikoan bazen parrandara emana zegoen jendea, eta horrek ez du ezer txarrik; baina beste asko adi-adi egoten ziren artisten sesioetara. Eta diskoak identifikatu nahian ibiltzen ziren, binilo dendetan aurkituko zituzten esperantzaz. Kultura musikal handia galdu da.
Oso zeharka agertzen da ETA erakunde armatuaren ekintza Txitxarron. Zein eragin izan zuen horrek tekno mundu euskaldunean?
Ez zen ekintza bakarra izan, ETAk diskoteken aurkako ekintza batzuk egin baitzituen. Baina Txitxarrokoa berezia izan zen garai hartan puri-purian zebilelako. Eta musika elektroniko bazterrekoan ere garrantzi handia izan zuen hango bigarren areto edo txillout-ak.
Garai hartan, Ima eta Trampas ziren hango DJ erresidenteak, eta giro elektroniko ederra zebilen. Bestelako musika entzun zitekeen, pista nagusietatik kanpokoa.
"ETAren ekintzak Txitxarroren kontra jokoz kanpo utzi zuen jende asko"
Nik uste dut ekintza hark “deskolokatu” edo jokoz kanpo utzi zuela jende asko. Gazte euskaldun asko batzen ziren han, seguruenik ezkerreko eta abertzale gisa euren burua definitzen zuten asko. Baina hor ere sartzen da norberak zenbateraino babestu duen ETAren jardun armatua: %100ean, %75ean, %50ean… edota goitik behera gaitzetsi duen. Eta liburu honek ez du errebantxa saio bat izan nahi. Ez dut uste horrek inolako ekarpenik egingo liokeenik musika elektronikoari. Azpikultura “inkonprenditu” baten historia da.
Azpikulturek bi bide izaten dituzte. Bideetako batetik, gizarteak bere bihurtzen ditu, eta era batean edo bestean onartu edo “instrumentalizatu” egiten ditu. Beste bidetik, aldiz, azpikultura gizartearen oniritzirik gabe abiatu eta garatzen da.
Musika elektronikoak ez du inoiz errekonozimendurik izan gurean, nahiz eta beste herrialde askotan musikaren paisaiaren parte izan. Kuriosoa da, baina musika elektronikoa gizarteko bazterreko taldeentzako aterpea izan da historian zehar. House musika beltz, latino, gay eta trabestien musika zela zioten Estatu Batuetan, eta teknoa beltzek sortu zuten 1980ko Detroit kirasdun hartan.
Gaur egun bazterrekoak erdigunera ekartzea da bolo-bolo dabilen diskurtsoa gure herrian, baina garai hartan beste borroka batzuek izan zuten lehentasuna. Euskal rock edo punkak lortu zuen errekonozimendua edo duintasuna, kostata izan bazen ere. Baina musika elektronikoak arantzadun bidea egin behar izan du beti.
Zein da teknoaren egungo egoera zure ustez?
Bada, ez dakit… Kartel edo programazio politak ikusten ditut noizbehinka, baina egunean zeharreko festibal edo gauza txikiak faltan igartzen ditut nik, ni bezalako “zahartxo elektronikozaleentzat”.
Baina hori ez da posible, musika elektronikoak gure herrian oraindik ez baitu estigma guztiz garbitu, ez du duintasunik lortu. Eta, duintasunik lortzen ez duen bitartean, iritzi eta jarrera eskasak izango dira nagusi. Eta mundu elektronikoaren alde iluna izango da gizarteak sarritan nabarmenduko duena. Pentsa… 2024an gaude, 1980ko hastapenetan ekin zioten bideari aitzindariek, eta hau da musika elektronikoaz idazten den lehen liburua euskaraz.