Elkartasun proiektu batean ari zarete lanean?
Amaiur Pikatza: Bidaia egingo dugu Saharara, hango herritarrak laguntzeko.
Jon Ayesta: Bucraa herrira joango gara eta lehengaiak eramango ditugu; botikak, janaria…
Amaiur Pikatza: Horien falta dago han. Horrez gain, nagusien egoitza batean arituko gara baratzean laguntzen. Gure aurretik joan zirenek udaletxea margotu zuten eta guk ez dakigu zehazki zer egingo dugun, baina laguntzeko prest gaude. Agian eskola bat margotuko dugu.
Eder Gomez: Bai, azpiegiturak margotzeko asmoa dugu.
Zenbat lagun joango zarete?
A. P.: 18 kide joango gara. Harrera familia bakoitzean lau edo bost lagun egongo gara.
M. E.: Bi arduradun ere joango dira gurekin.
Orain bidaiaren zein fasean zaudete?
M. E.: Ekintzak prestatzen ari gara oraindik. Azkena Gau Beltzakoa izan zen eta diru nahikoa bildu genuen eta proiektuaren berri eman genuen. Bideoklipa sortu berri dugu eta Bizum bat prestatu dugu, nahi duenak lagundu dezan eta ekarpenak egin ditzan.
J. A.: Ikastolako webgunean ikus daiteke bideoklipa edota gure Instagram kontuan @roadtobucraa, alegia.
Herri sahararren egoera landu duzue, nola sortu da proiektua?
A. P.: Berez, proiektua 2009an egiten hasi ziren Laudio Ikastolan eta ohitura hori jarraituko dugu. Badakigu herri sahararrak laguntza behar duela eta gu prest gaude horretarako.
Noiz joango zarete?
M. A.: Azaroaren 29an joango gara eta abenduaren 7ra arte egongo gara. Forondan hartuko dugu hegazkina eta taldeak prestatzen ari gara. Izan ere, bakoitzak hartu behar du motxila bat bere gauzekin eta 25 kiloko beste bat botikak eta abar eramateko.
Zer espero duzue?
E. G.: Espero dugu beste kultura batetik ikastea eta aberastuta itzultzea.
M. E..: Ez dakigu benetan zein den euren egoera. Guk ezagutzen dugu gurea eta uste dut oso aberasgarria izango dela egonaldia. Izan ere, badakigu euren egoera oso gogorra dela.
Iaz joan zirenekin harremanetan egon zarete?
J. A.: Harreman handia daukat eurekin, baina esperientzia gehien dutenak dira gure arduradunak, aurreko urteetan joan direlako. Azaldu digute nolakoak izan diren aurreko bidaiak eta argazkiak zein bideoak erakutsi dizkigute.
Joateko denbora gutxi falta da, beste ekintzaren bat prestatu duzue?
A. P.: Amurrio eta Laudioko farmazietatik pasako gara botikak hartzeko eta oraindik ere saiatuko gara dirua eskuratzen han zerbait uzteko.
Jadanik egindako lanarekin, zein irakaspen atera duzue?
A. E.: Antolakuntza beharrezko dela. Ekintzek ez dute aurrera egiten bakarrik.
Behin itzulita zerbait egingo duzue?
A. E.: Momentuz bidaian zentratuta gaude, baina itzultzean bideo bat prestatu nahi dugu zabalpen lana egiteko.
Bucraako egoera landu duzue?
E. G.: Oso argi dugu egoera oso ezberdina dela eta erosotasun maila ez dela bera. Ohituta ez gauden bizimodua dago han, horrenbeste teknologia gabe, adibidez, eta hori nabarituko dugu esparru guztietan, sukaldatzeko orduan, esaterako.
A. E.: Eraikinek ez dute zerikusirik izango hemengoekin. Esaterako, Laudio Ikastola eta hango ikastetxea ezin dira alderatu. Dena den, bisitak egingo ditugu han museoa edota ospitalea ezagutzeko.
J. A.: Bai, gogoratu nahi dugu kamisetak erosteko aukera dagoela oraindik eta Bizum bidez (688 75 45 35) edota Laboral Kutxako korrontean (ES45-3035-0045-25-0451190567) ekarpenak egiteko.