15 pertsona bizi dira kalean Laudion, eginiko azken zenbaketaren arabera

Txabi Alvarado Bañares 2024ko aza. 21a, 07:15

Kalean lo egiten dagoen pertsona bat, artxibo irudi batean. / Irutxuloko Hitza

Igoera oso deigarria egon da, 2022an eginiko neurketan ez baitzen pertsonarik topatu herriko kaleetan. 

15 pertsonek daude kalean bizitzen Laudion, guztiak gizonezkoak. Hala ondorioztatu dute urriaren 23tik 24ra bitarteko gauean eginiko zenbaketaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko 30 udalerritan egin zuten zenbaketa, eta 1.541 pertsona dituzte orotara kalean lo egiten, 122 Araban, 895 Bizkaian eta 524 Gipuzkoan.

Laudioko igoera oso deigarria izan da, 2022an eginiko zenbaketan ez baitzen pertsonarik kontabilizatu. 2012an ekin zitzaion azterketa egiteari, eta bi urtean behin egiten da. Laudion 2014an egin zen lehen aldiz, eta ordutik hona etenik gabe egin da.

 

Goiko grafikoan ikusi daitekeenez, Laudio ez da salbuespena. 2022tik hona igoera oso handia izan da orokorrean. Egia da baita ere aurten inoiz baino udalerri gehiagok hartu dutela parte kontaketan (30 guztira, 2022an 23 izan ziren bitartean). Hala ere, pertsona gehienak ez dira udalerri berri horietan pilatu, hiri handietan baizik. Kopuru guztien artean, Bilborena da deigarriena. EAEko etxegabe guztien %40a pilatzen da Bizkaiko hiriburuan.

Eta hori, kontuan hartuta Bilboko Udalaren espazio publikoaren ordenantzak ez duela baimentzen kalean lo egitea. Berez, Laudioko Udala arau hori bere ordenantza propioan gehitzeko zorian egon zen 2022an, baina kentzea erabaki zuen azkenean, zenbait herritarrek eginiko eskaeren ondorioz. 

Eskualdeko gainontzeko udalerrietako daturik ez

Eskualdeko gainontzeko udalerrietako daturik, aldiz, ez dago. Urduñan 2016 eta 2018an egin zituzten zenbaketak, eta bi kasuetako batean ere ez zuten pertsonarik topatu kalean lo egiten.

Ordutik hona, baina, ez da azterketa errepikatu hirian. Antzeko kasua da Amurriokoa. 2018 eta 2020an egin zituzten zenbaketak eta bina pertsona lokalizatu zituzten. Baina ordutik hona  ez da berriro egin.

Amurrio eta Urduñako udalek ere parte hartzen zuten zenbaketan, baina 2020 eta 2018an utzi zioten egiteari, hurrenez hurren.

Udalak dira kontaketa egin edo ez erabakitzen dutenak, eurak baitira zenbaketa egiteko baliabideak jartzen dituztenak (langile zein boluntarioak), Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta. Laudion 16 boluntario aritu ziren guztira zenbaketa egiten, "profesional eta esperientzia handiko pertsonen laguntzarekin", Udalak berak azaldu duenez. "Aurten, azterlanak aldez aurretik identifikatutako kokapenak ere jaso ditu, non gaua bertan igarotzen duten pertsonen ohiko existentzia ezagutzen den", nabarmendu du tokiko erakundeak. 

Baliabide falta

Gaur gaurkoz, hiriburuetan pilatzen dira etxegabeentzako dauden baliabideak. Aiaraldean ez dago kalean bizi diren pertsonentzako inolako aterperik ezta antzeko baliabiderik ere.

Eskualdean ez dago etxegabeentzako inolako aterpe ezta baliabiderik.

Baina beharra geroa eta beharrezkoagoa bilakatzen ari da. "Fenomeno global berri baten aurrean gaude, ikuspegi komunitario batetik jorratu beharrekoa, alarmismotik eta estigmatizaziotik aldenduz", azaldu du Aitor Fernandez de Pinedok. Laudioko Udaleko zinegotziak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri direla egoera nola bideratu aztertzeko, eta kezka adierazi du ate joka dagoen neguari begira, sasoi horretarako “kontigentzia plan bat” garatu beharko dela aurreratuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide