Arte Eman Festa hartuko du larunbatean Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Ospakizun horrekin amaituko dute aurtengo Arte Hartze zikloa eta diziplina anitzeko lanak gozatzeko aukera eskainiko dute: musika, irudia, dantza, eskultura...
Izan ere, aurten sorkuntza egonaldia egin duten bederatzi artistek euren lanen emaitzak partekatuko dituzte 17:45etik 22:30ak arte. Sarrera hemen eskuratu daiteke. Bazkideentzat 8 eurokoa izango da eta gainerako ikusleentzat 10 eurokoa.
Ikuskizunaren helburu nagusia elkar ezagutza sustatzea da. Alde batetik, ikusleek jakitea zer egin duten sortzaileek baina, bestetik, baita artistak euren artean harremanetan jartzea ere.
Egitaraua
Sormen ginkana honek programa bizia izango du:
18.00 // Jaialdira ongietorria.
18:15 // Jare Prieto. Gordura. (10 minutu) Queer Performancea, irakurketa performatiboa: lodifobiaren errealitatea sakontasunean ezagutzeko aukera ematen du, bizipen erreal batetik: biolentzien errelatoa, gorputzaren atzean dagoen pertsonaren aurkezpena…
Aitziber Duarte. Naturak eskeinitakoa. (50 minutu) Keramika erakusketa: Proiektu honetan sorkuntza prozesuak, emaitzak baino garrantzia gehiago dauka. Intuizioa eta esperimentazioari lekua ematea da bidea. Plazeragatik sortu, zeramika eskultura alorrean garatuz.
Idoia Tapia. Alter Nation. (20 minutu) Arte biziak- Ikus-entzunezkoa: Alter Nation Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboaren (IND) inguruko konferentzia performatiboa da. Konferentzia honetan, ezjakintasunetik psikopatologia honen funtzionamendua joku eszenikoaren bidez ulertzen saiatzen da Idoia. Idoia ez da presentzialki egongo, bera lana ikus-entzunezko bidez aurkeztuko da.
Lanak ikusi ostean, Jare eta Aitziberrekin solasaldia egongo da.
19:30 // Maria Iturbe eta Maialen Ramirez. Paktu bat. (40 minutu) Antzerkia: Ama-alaben arteko harremanak lantzen dituen antzezlana taularatuko dute. Ama-alaba harremanak aztertuta, etxeko berotasunak ezkutatzen dituen zauriak eta biolentzia "leunak" aurkeztuta.
Peru Galbete eta Garazi Navas. Larai. (20 minutu) Musika: Kantatzea arnastea besterik ez da, hauspoa ireki eta ixtean, arnasa botatzean, zerbaiti eragitea, ikusteko nola kolore eta forma batzuk irteten diren. Garazi Navas eta Peru Galbete Faktorian elkartu dira, ohiko kontzertu formatua zalantzan jartzeaz gain, eraldaketa bat sortzeko, bertsio bat, eta ez bakarrik hautatutako kantuena.
Lanak ikusi ostean, Maria, Maialen, Peru eta Garazi Galbeterekin solasaldia.
21:30 // Ainara Bento. Zori·ona proiektua. (20 minutu) Dantza: Gatibutasun-sentsazio propioen arrastoetatik dantza lan garaikide bat sortzeko interesetik loratu da. Prozesu autoetnografiko honek, kaiolatutako txoriaren metaforaren adieren bitartez, sentsazio unibertsal honi so egitea bilatzen du.
Eneritz Furyak. Paisaiak VI. (20 minutu) Musika eta Ikus-entzunezkoak: lehen begi-bistakoan ikusten errazak ez diren paisaiaren alderdiak agerira ekartzen ahalegintzen da Eneritz; bereizgarri egiten dituzten elementuak, hari lotutako soinu eta diskurtsoak, eta horietatik eratorritako musika, soinu edo irudi-lanak. Inprobisazioa ere tresna gisa baliatzen du paisaien izaera aldakorraren aurrean jartzeko, askotarikoak baitira paisaia eraldatzen duten elementuak. Eneritzek bukaera emango dio Aiaraldean proiektu honi, nazioartean egin ostean Paisaiak I,II, III, IV eta V atalak.
Lanak ikusi ostean, Eneritz eta Ainararekin solasaldia.