Kultur sorkuntza Aiaraldean

Maider Ramirez "pozik" dago Juana Dolores olerkariarekin egindako aurkezpen biraren emaitzekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 22a, 13:30

Laudioko itzultzaileak Gasteizen, Donostian eta Bilbon egindako errezitaldietan parte hartu du eta "uste baino jende gehiago" bertaratu dela aipatu du.

Bilboko Sarean lokala jendez gainezka egon zen atzo Juana Dolores sortzaile kataluniarraren Girgileria olerki liburuaren aurkezpenean. Aiaraldeko ikusleak ere bazeuden publikoaren artean, eta horretarako arrazoietako bat bada Maider Ramirez itzultzaile laudioarrak euskaratu duela poema bilduma.

Are gehiago, Ramirezek modu aktiboan parte hartu du orain arteko errezitaldietan euskarazko bertsioen irakurketa eginik (gaur izango da azken aurkezpena Donostian, baina aiaraldearra ez da egongo).

Laudioarrak onartu du "urduri" egin diola aurre eginkizunari, baina pozik dago emaitzekin. "Asteartean Gasteizen egin genuen, asteazkenean Iruñean eta atzo Bilbon. Uste baino jende gehiago topatu dugu eta agian ekitaldi jendetsuena atzokoa izan zen, nahiz eta Gasteizen ere 50 lagun inguru bildu ziren", aipatu du itzultzaileak.

"Ni ez nintzen oso baikorra parte hartzearen aldetik eta atzo, adibidez, ikusita eguraldi petrala egiten zuela, uste nuen jende gutxi agertuko zela, baina azkenean lokala gainezka egon zen", azpimarratu du Maider Ramirezek.

Bizipen polita

Publikoaren aurrean aritzeak eman dion esperientzia ez ezik, Ramirezek zenbait une ere partekatu ditu Juana Doloresekin: "Atzo elkarrekin bazkaldu genuen, nahiz eta bilera mordoa izan dituen euskal kultura, politika eta literaturako kideekin".

Bi estilo, olerki berak

Aurkezpenak egiteko orduan, Maider Ramirezen eta Juana Doloresen jarrera oso bestelakoa izan da. "Nik poemak irakurri ditut modu kanonikoan, nolabait esatearren, baina Juana Doloresek, antzezlea izanda, modu performatiboan egin du, berak kataluniarrez egin du eta. Modu horretan, hizkuntza ulertzen ez zutenek aukera izan dute beste komunikazio bide bat jasotzeko", azaldu du laudioarrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide