'Hamaika' erakusketa ikusi ahal izango da gaurtik aurrera Laudion

Elene Abaroa Zorrozua 2024ko aza. 25a, 15:30

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak antolatu du eta makroproiektuen eragina du hizpide erakusketak.

Hamaika erakusketa inauguratuko dute gaur 18:30ean eta Laudioko Kultur Etxean ikusi ahal izango da. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak antolatu du.

Erakusketa ibiltaria da eta artisten artean hamaika dira eskualdekoak. Makroproiektuen eragina, desadostasuna eta biodibertsitatearen garrantzia azaleratu dute artistek obretan. Antolatzaileen ustez, hedabide handiek ez dituzte makroproiektuen inguruko bertsio guztiak ematen eta horren aurrean, arazoa ikustarazteko eta informazioa emateko antolatu dute ekintza.

Erakusketa gaur aurkeztuko dute 18:30ean. Abenduak 5era arte ikusi ahal izango da. Aitor Intxaurraga, Izaskun Alonso, Ramon Gastaka, Belen Herrero, Javi Herrero, Laudio Ikastolako DBHko 2. eta 3. mailako ikasleak, Jose Miguel Alaña, Gaizka Usategi eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik eskualdeko artista eta elkarteek parte hartuko dute besteak beste. Mangolanak, laminak, horma-irudiak eta muralak bezalako artelanak ikusi ahalko dira. 

Erakusketaz gain bost hitzaldi izango dira egun hauetan zehar. Lehenengoa azaroaren 26an bertan izango da 18:30ean Kultura Etxeko Arraño gelan eta Edurne Basterra UAGA abeltzainen sindikatuko kideak azalduko du makroproiektuen eragina lehen sektorean. Azaroaren 28an Kasinoan Juanjo Hidalgo historialariak hitza hartuko du Lurrak ezkutatzen duena hitzaldia eskaintzeko, 18:30ean.

Abenduaren 3an, alde batetik, Aitziber Zarobe Egiguren biologoak eta Aiaraldeko Mendiak Bizirikeko kideek eztabaida egingo dute Laudioko ikasleekin Arraño gelan goizean. Halaber, 18:30ean Iñigo Zuberogoitia biologoak berba egingo du hegaztien eta makroproiektuen inguruan. Hurrengo egunean Leire Urkidi Azkarragaren txanda helduko da. Lurraldea eta energia izango ditu hizpide, 18:30ean Arraño gelan berriro ere.

Azkenik, abenduaren 5ean Antonio Aretxabala geologoak hitza hartuko du trantsizio energetikoa, lurraldea eta krisialdi sistemikoa lantzeko, Kasinoan 18:30ean. Horrez gain, abenduaren 12an Vidas irrenovables dokumentala proiektatuko dute toki berean, 19:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide