Urtarrilean jarri nahi du Laudioko Udalak berriz abian zinema eskaintza, planteamendua berriarekin

Txabi Alvarado Bañares 2024ko aza. 26a, 09:00

La Milagrosa ikastetxeko aretoan proiketatzen zituzten pelikulak. / Aiaraldea.eus

Horrela erantzun zion Udal Gobernu Taldeak atzo udalbatzan EAJk aurkeztutako mozioari. Aho batez onartu zen jeltzaleen proposamena. 

Urtarrilean jarri nahi du Laudioko Udalak berriz abian herriko zinema eskaintza, baina "berrezaugarrituta". Hala adierazi zuen Sonia Respaldiza kultur zinegotziak atzoko Udal Osoko Bilkuran.

EAJk mozioa aurkeztu zuen udal osoko bilkuran, zinema eskaintza berrezartzea eskatzeko. Jeltzaleek zehaztu zuten martxoaren 30etik ez dela pelikularik proiektatu La Milagrosa ikastetxean atondutako espazioan, eta gogorarazi zuten aurreko legealdian bizilagun talde batek mozioa aurkeztu zuela eskaintzaren jarraikortasuna eskatzeko. Alderdi jeltzaleko kideek oharra plazaratu dute gaur euren argudioak gehiago garatzeko.

Talde politiko guztiek bozkatu zuten mozioaren alde, baita Udal Gobernuko Taldea osatzen duen EH Bilduk ere. Hala ere, Respaldizak aipatu zuen eskaintza nola berrezaugarritu pentsatzen ari direla.

Izan ere, zinegotziaren hitzetan, kexa ugari egon dira La Milagrosa ikastetxean atondutako aretoko erabiltzaileen partetik. “Aulkiak deserosoak ziren, hotza egiten zuen, pelikulak gelditzen ziren, giltzekin ere arazoak zeuden…”, zerrendatu zuen udal ordezkariak atzoko bilkuran, eta gaineratu zuen orokorrean jende gutxi joaten dela pelikulak ikustera, ezin dituztelako ohiko aretoetako filma komertzialak proiektatu.

Azaldu zuenez, hilero 4.000 euro baino gehiago bideratzen ziren zinema eskaintzara, “eta gero bertaratzen zen jendea oso gutxi da”.

Hala ere, Respaldizak ziurtatu zuen eskaintzari eutsiko diotela, “baina beste eredu, beste ikuspegi eta beste kokaleku batekin”. Zerbitzua orain arte eskaini duen enpresarekin hitz egin dute horretarako. “Zerbait aterako dugula argi dago, uste dugulako arte hori ezin dugula ahaztuta utzi”. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide