Lamuza parkea Berpizteko Plan Bereziaren proposamena aurkeztu dute Laudioko Udalak eta Aldundiak, eraikin berri ugarirekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 28a, 14:50

Lamuza parkea Berpizteko Plan Bereziaren proposamenak erakusketa batean bildu dituzte, Lamuza plazan jadanik dagoena. Amestutako proiektuak ez du soilik eragiten parkean, Laudio Institutuan eta herriko beste toki batzuetan ere eraikinak sortzea aurreikusten baitu.

Gaur goizean aurkeztu dute Lamuza parkea Berpizteko Plan Bereziaren emaitza. Horretarako, erakusketa atondu dute Lamuza plazan eta herritarrek, bisitatzeaz gain, iradokizunak eta ekarpenak bidali ahal dituzte sorkuntzaparkea@laudio.eus eta lamuzasorkuntzaparkea@laudio.eus helbide elektronikoetara.

Aurkezpen ofiziala Laudioko Udaleko talde guztiek babestu dute, baita Arabako Foru Aldundiak ere. Hain zuzen, Ainize Gastaka alkateak eta Joseba Koldo Perez de Heredia, Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, hartu dute hitza ekitaldian.

Ordezkari politikoek gogoratu dute Laudioko herritarren 1.500 sinadurei esker plan berezi hau finantzatzeko egitasmoa hartu zuela bere gain Aldundiak, parte hartzerako aurrekontuen bitartez.

Urtebete eman du Laudioko Udalak plana mamitzen, kulturaren diagnosia egiten, besteak beste, eta orain Lamuza plazan ikusgai dago emaitza. Behin herritarren ideiak jasota, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatuko da (une honetan sortze prozesuan dagoena) eta orduan helduko da une kritikoena: finantzazioa eta egikaritzea.

Joseba Koldo Perez de Herediak adierazi du 2025eko aurrekontuak onartuz gero, 500.000 euro baino gehiago egongo liratekela plan horretan sakontzeko.

Eraikin gehiago: ekoetxea, gaztelekua, Laudio Institutuko egitura berria...

Erakusketan ikus daitekeen moduan, eta Taper Arkitektura taldeko kideek azaldu dutenez (eurek egin dute egitasmoaren erredakzioa), planaren asmoa ez da parkera mugatzen. Hain zuzen, Kulturlaben eta Udalaren aburuz, parkeak izan behar du kultura eta bizitza egituratzeko ardatza.

Horregatik, Ugarten hasten da egitasmoa eta herrigunean amaitzen da. Paisaian eragin ez ezik, eraikin berrien agerpena ere aurreikusten du. Kultura etxea sorkuntzara soilik bideratzea iradokitzen du ekimenak, baina baudaude bestelako eraikuntza berriak ere:

Ugarteko dorretxetik Ekoetxera

Jasotako ekimen deigarrienen artean dago Ugarteko dorretxea Ekoetxea bilakatzea eta ingurutan baratzak atontzea ikastetxeek landu ditzaten.

Kirolgunea

Egun bolatokia dagoen tokian beste espazio bat sortuko lukete kirol tradizionalak eta berriagoak praktikatzeko.

Gaztelekua

Pilotalekuaren alboan gaztetxe bat, grabazio-estudioak, kontzertu-aretoa, bilera-gelak, aire zabaleko taberna eta abar egongo lirateke, Gaztelekuaren barruan.

Skate parkean beste eraikin bat

Eraikuntza horren helburua izango litzateke Kasinoak dituen mugak osatzea. Halaber, Skate parka Latiorro auzora mugitzea proposatu dute, pump track pistatik gertu.

Laudio Institutua

Egungo institutuaren kirol-erabileretarako eremu estalia handitzearen aldeko apustuaren egiten du proiektuak. Beheko solairuan egongo litzateke erabilera anitzeko eta tamaina ertaineko eremu publiko estalia izango duen eraikin berri bat, Lamuza plazara irekita egongo litzatekeena.

Lehen solairuak udal-espazioak izango lituzke, bigarren solairuan institutuaren ikasgela berriak eta hirugarren solairuan kiroldegi estali berri bat.

Arrañora bidean

Bizkaia kaleko aparkalekuaren eta San Roke baselizaren arteko gunea hainbat taldek aldarrikatu dute, pilotaleku estali bat kokatzeko.

Plan berezia garatzeko prozesuan, badirudi adostasuna lortu dela pilotaleku hori egungo Lanbide Heziketako aparkalekuan kokatzeko, eta Bizkaia kaleko eremua eraikuntza-bolumen txikiagoko kultura-erabileretara bideratzeko, eremurako atseginagoa izan dadin.

Honakoa eraikitzea planteatzen dute: topografiara egokituko den eta erakusketa garaikideko areto bat, turismo-bulego bat eta musika-entseguetarako lokal handi eta ertainak hartuko dituen gune bat.

Lanbide Heziketako aparkalekuari agur

Azkenik, arestian aipatu bezala, Lanbide Heziketa ikastetxean eta Zumalakarregi etorbidearen arteko aparkalekuan udal-ekipamendu berria eraikitzea nahi dute. Leku hori “Pilotaleku kultural” berri baterako kokapen posible gisa planteatzen da, erabilera anitzeko espazio handi gisa ulertuta, pilotaleku estali batetik kultura-ekitaldi handietarako kabida izan dezakeena. Ekipamendu berri hori eraikin mistotzat hartu ahal izango da.

Horrez gain, Euskaltegia, Helduen Eskola edo beste hezkuntza-jarduera batzuk eraikin horretara lekualdatzea proposatu dute baita ere, udalerriaren erdigunean egon daitezen eta sarbide erraza izan dezaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide