Kartzela, gurasoak eta seme-alabak, Faktoriaren asteleheneko mahainguruaren ardatzak

Erredakzioa 2024ko aza. 28a, 19:00

Eztizen Artola Iturrate da 'Gurpilak' liburuaren egilea. / Txalaparta

Eztizen Artolaren Gurpilak liburua izango da aitzakia Joxe Blancok, Ilazki Ussiak eta Ainhoa Ayestak hitza hartzeko. Espetxean dauden gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak eta ondorioak landuko dituzte, besteak beste.

Faktoriak mahai inguru berezia jasoko du abenduaren 2an, astelehenean, 19:00etan. Ez horrenbeste gaiatik (kartzela, gurasotasuna eta seme-alabatasuna), baizik eta ereduagatik. Izan ere, Joxe Blanco euskal preso politiko ohi laudioarrak ipuina sortu du bere esperientzia azaltzeko eta kontakizunaren atalen artean Eztizen Artola Iturratek, Ilazki Ussiak eta Ainhoa Ayestak hartuko dute hitza zenbait galdera erantzuteko.

Ez da lehen aldia Joxe Blancok ipuina idazten duela. Izan ere, preso izan zenean bat sortu eta argitaratu zuen Ataramiñe argitaletxearekin.

Eztizen Artola Iturrate bilbotarra, berez, Gurpilak eleberriaren egilea da. 'Parot Doktrina' deiturikoa ezarri zioten bere aitari eta, ondorioz, legez kanpo luzatu zuten bere espetxealdia. Txalaparta argitaletxean plazaratutako liburuan esperientzia pertsonalak beste motxiladun umeen bizipenekin uztartu ditu, orain arte literaturan gutxi jorratu den gaiaren bidea urratzeko.

Ilazki Ussia aiaraldearra ere "motxiladun umea" izan da. Hau da, bere aita espetxean bisitatu behar izan zuen euskal gatazka politikoaren ondorioz, eta bere bizitzan ezagututakoa partekatuko du.

Azkenik, Ainhoa Ayestak ere parte hartuko du mahainguruan. Ayesta euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekintzailea izan da eta hainbat aldiz jo du espetxera senide eta lagunekin.

Solasaldia erabat irekia eta doakoa izango da.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide