Bi ibilbide eta 24 geltoki izango ditu Laudioko Txikitero Egunak. Bihar (azaroak 30) egingo dute ekimenaren lehengo edizioa. Arloteak eta Izalde trikiti taldea arduratuko dira ekimenari soinu banda jartzeaz. Lehengoek Odeibar jatetxean hasiko dute ibilbidea 12:15ean. Bigarrena, aldiz, Arkupen hasiko da jotzen.
Modu horretan, ibilbide paraleloa egingo dute herrian barrena. 14:15ean motorrak geldituko dituzte, bazkaltzeko, eta iluntzean abiatuko dira berriz, 19:00etatik 21:00etara bitartean.
Apill elkarteak antolatu du ekimena, Udalaren babesarekin eta Bebidas Serrano eta Dominio de Berzalen laguntzarekin. Hain zuzen, bi enpresa horiek izango dira tabernetan zerbitzatuko den ardoa hornitzeaz arduratuko direnak.
Biharkoa txikiteroentzako "ospakizun eta aitortza eguna" izatea nahi dute antolatzaileek. "Txikiteroa Laudioko kulturaren parte da, partaide dira eta harreman sozialak sustatzen dituzte eta gure herriari bizia ematen diote", aldarrikatu du Apill-ek.
