Txani Rodriguez idazlea eta Miren Gaztañaga aktorea egon ziren iragan azaroaren 28an Faktorian, Azken erromantikoak filmaren eta liburuaren inguruan solasean. Rodriguezek Los ultimos romanticos liburua argitaratu zuen 2020. urtean. Gaztañaga, aldiz, eleberri horretan oinarritutako pelikulako aktore nagusia da.
Modu batera edo bestera biak dira istorioaren protagonistak. Liburutik filmerako jauziaren eta biek filmaren prozesuan bizi izandakoaren inguruan ibili ziren solasean.
Liburutik filmerako jauziaren prozesuaz eta honen hastapenaz hasi ziren hizketan. Rodriguezek aipatu zuen ez zuela espero proiektu honen proposamena, baina pozik hartu zuen eskaintza. Gainera, liburua gazteleraz izanda, filma euskaraz izatea gogotsu hartu zuen. “Euskal kulturari ekarpen hori egitea gustuko izan dut”, nabarmendu zuen idazle laudioarrak.
Gaztañagak horrelako pertsonaia bat pantailan antzezten duen lehen aldia izan dela azaldu zuen. Casting prozesua gainditu zuen eta sorkuntza prozesu oso sakona bizi izan zuen filma grabatu aurretik eta bitartean.
“Zure burua egokitzen duzu horrelako prozesu batera”, azaldu zuen. Zaintza askoko prozesua izan dela ere gaineratu zuen. Protagonistak, Irunek, ez du zerikusirik Gaztañagarekin. Horregatik, pertsonaia ulertzen joan behar izan zen. Filmaketaren unerako dagoeneko biziak izan behar zituen eszena gehienak, eta horregatik pertsonaiaren pentsamendua sortzeko lanketa egin behar izan zuen.
Rodriguezek, bere aldetik, ez zuen filmaren gidoietan ekarpenik egin nahi izan, ez zuen irakurri ere egin, gidoilarien lanean sartu nahi ez zuela adierazita. Hala ere, filmean parte hartu zuen eta barre artean kontatu zuen esperientzia. Hiru esaldi esaten agertzen da pantailan, alabaina, ez zaio aurpegia ikusten.
Biak oso pozik geratu dira lanarekin. Rodriguezek filmak nobelaren arima oso ondo mantzentzen duela adierazi zuen, nabarmenduta David Perez Sañudo zuzendariak oso sentsibilitate berezia duela.
Gainera, Gaztañagak egindako lana goraipatu zuen. “Orain Irunerengan pentsatzerakoan Mirenen aurpegia etorriko zait”, aitortu zuen. Bere ustetan, eleberriak erregistro zehatz bat du eta filmak beste bat. Rodriguezek kontatu zuen xehetasun oso politak daudela ikus-entzunezkoan, eta gehien gustatzen zaion eszena ez dagoela liburuan.
Gaztañagak, aldiz, azaldu zuen hasieran ezin zuela filma ikusi, eta lehen aldiz ikustea oso zaila egin zitzaiola. Bere burua “ez epaitzeko” ariketa egin behar izan zuen, baina jada bost aldiz ikusi duela aitortu zuen maha-inguruan. Erronka eder bat izan da filma Gaztañagarentzat: “Mundu intimoenetik gizartera nola abiatzen den ikusten dugu Irune”.
Biek ikusten dute filma esperientzia eder baten moduan. Pelikula berezia dela azaldu zuen Rodriguezek: “Nork bere irakurketa egiten du”. Gaztañagak, aldiz, gehitu zuen filmak galderak eta hausnarketak egitera bultzatzen duela. Txalo eta barre artean bukatu zen solasaldia.