Laudioko Udalaren hizkuntza politikaren diagnostikoa aurkeztu dute

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abe. 3a, 12:09

Manex Mantxola Euskalgintza Kontseiluko koordinatzailea, Nagore Gomara hizkuntza-politiketako zinegoztia, Ainize Gastaka alkatea eta Naiara Merino Saenz Delafuente Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko lehendakaria. / Aiaraldea.eus

Ondorio nagusiak herritarrei aurkeztu zizkieten urriaren 17an egindako bilera irekian eta, bertako ekarpenak jaso ondoren, behin betiko dokumentua aurkeztu dute gaur.

Euskararen Eguna baliatuz, 2024 urtean egindako Laudioko Udalaren hizkuntza politikaren diagnostikoa aurkeztu dute Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Laudioko Udalak. Bertan, prozesu horren bidez jasotako ondorio nagusien berri eman dute.

Manex Mantxola Euskalgintza Kontseiluko koordinatzaileak azaldu duenez, urtean zehar, galdetegia osatu eta Laudioko hizkuntza politikaren azterketa sakona garatu dute Udalak eta euskalgintzak elkarlanean, Felix Muguruza Laudio Udaleko Euskara teknikariaren laguntzarekin. Ondorio nagusiak herritarrei aurkeztu zizkieten urriaren 17an egindako bilera irekian eta, bertako ekarpenak jaso ondoren, behin betiko dokumentua aurkeztu dute gaur. 

Naiara Merino Saenz De Lafuente Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko lehendakariak azaldu du Bai we can proiektutik abiatutako proiektu bat izan dela gaur aurkeztu dutena, eta nabarmendu du “esperientzia oso positiboa” izan dela Laudioko Udalarekin eta baita Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin ere lan egitea.

Saenz De Lafuenteren hitzetan, “oso agerian geratu dira indarguneak eta ahulguneak” eta hau “benetako abiapuntua da hemendik aurrera lanean jarraitzeko”.

Udalaren barne jardueran

Udalaren barne jardueraren diagnostikoan ondorioztatu dute, oro har, Laudioko Udalean hizkuntza politika planifikatu eta eraginkor bat dagoela ezarrita. Langileen %95ak euskara maila egiaztatuta du eta euskara doan ikasteko baliabideak eskaintzen dira lan denboran.

Hala ere, hutsuneak ere identifikatu dira. Besteak beste, langile guztiek euskara jakitetik, euskaraz lan egitera igarotzea; barne trebakuntzetan euskarazko eskaintza handiagotzea; komunikazio idatzian euskara bermatzetik, idatziak euskaraz sortzera igarotzea; edota lanerako euskarri digitaletan euskararen presentzia bermatzea.

Kanpo jarduera

Kanpo jardueraren kasuan, aldiz, badago zer hobetu. Esaterako, etorri berrientzako harrera protokoloetan hizkuntzaren aldagaia txertatu behar da, kultur-programazioan ere kuota altuagoak ezarri daitezke edota eremu sozioekonomikoan euskararen aldeko neurriak ezarri.

Herritarren ekarpenei dagokionean, eragiteko lehentasunezko eremu modura harrera protokolo integral bat garatzea, kultur-programazioan euskararentzako kuota altuagoak ezartzea, hezkuntza ez-formalean eta Lanbide Heziketan eragitea, eremu sozioekonomikoaren erronka eta euskalgintzarekin elkarlanean sakontzea nabarmendu ziren urriaren 17ko bilera irekian.

Era berean, datozen urteetan diagnostikoa errepikatzeko beharra azpimarratu dute, prozesuaren garapenari jarraipena egiteko.

Bukatzeko, Laudioko Udalak, dokumentua oinarri hartuta eta euskalgintzarekin elkarlanean, bere egin du herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika eraginkor bat garatzen jarraitzeko konpromisoa.

Laudio, Aiaraldeko lehena

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena izeneko dokumentua, Europa mailan garatu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokolotik sortua da.

Uharten (Nafarroa), Arrigorriagan (EAE) eta Hendaian esperientzia pilotuak egin ziren 2021 eta 2022 urteetan eta bertako emaitzak baliatu dira. Aiaraldeko udal desberdinekin egin dute lanketa eta Laudiokoa izan da prozesua burutzen lehena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide