Hemendik aste batera, abenduaren 9an hain zuzen ere, Laudioko Udalak bilera irekia egingo du Kultura Etxeko Arraño gelan Sanrokeak 2025 jaiei buruz hausnartzeko.
Oraingoan ere laudioarrek izango dira hurrengo jaien egitaraua definituko dutenak; horregatik, aurten parte-hartze sistema berri bat abiatuko da Udaletik, enpresa baten laguntzaz.
“Enpresa honek musika taldeen kontratazioaz arduratuko da, baina azkeneko hitza herritarrek izango dute”, adierazi du Sonia Respaldizak, Jaietako zinegotziak.
Izan ere, Jai Batzorde Irekiak aukeratutako taldeetatik abiatuta enpresak behatze lana egiten hasiko da, eta herritarrei zenbait aukera aurkeztuko zaizkie aurrekontua eta taldeen prestutasuna kontutan hartuta. Horrez gain, beste irizpide batzuk ere kontutan hartuko dira; euskara eta emakumez osatutako taldeak egotea alegia.
Prozesuaz gehiago jakin eta hurrengo jaien egitaraua osatzen lagundu nahi duenarentzat, datorren astelehenean, 18:30ean, Kultura Etxean hitzordua dauka.