Dozenaka grafitigile bertaratu ziren larunbatean Gardea auzoko industriagunera, Graffestaren lehen edizioan parte hartzeko prest. Santa Cruz izeneko geltokiaren parean dagoen horma handi bat zuten margotzeko.
Berehala jarri ziren lanean: bakoitzak zein pareta zati hartuko zuen negoziatu eta sprayak banatu zituzten, eta eguerdirako dagoeneko nahiko koloreztatua zegoen eremu guztia.
Aniztasuna izan zen nagusi topaketan. Eskualdeko zein eskualdetik kanpoko margolari beteranoek ez zuten hutsik egin, baina egon ziren baita ere euren lehenengo graffitia margotzera animatu ziren hasiberriak ere. Guztien artean, kolore biziz bete zuten industriagune grisa.
Baina ez ziren horretara mugatu. Bazkaria ere prestatu zuten, arratsaldeko txanparako indarrak hartzeko. Izan ere, margotzen amaitu ostean, Takeo Txapelketa egin zuten, sinadura spray bidez ondoen eta azkarren nork jartzen zuen ikusteko. Faktorian eman zioten amaiera egunari, La Basuren, Lupu Beltzaren eta DJ Trujoren emanaldiekin.
Argazkiak: Susterra elkartea eta Txabi Alvarado Bañares