Laudioko Udalak urtero antolatzen duen Auzo Batzarren zikloa amaitu egin da. Laudioko Kasinoan bildu dira Ainize Gastaka alkatea, Nagore Gomara Partaidetzako zinegotzia eta auzoetako ordezkariak eta bertan azaldu dituzte ondorioak.
Oraingo honetan, 2025eko aurrekontu kolaboratiboak aurreratzeaz gain, Udalak gai monografiko bat aurkeztu du zortzi auzoetan, gune bakoitzean landu beharreko ildo garrantzitsuenekin.
Auzo-batzarrak herritarren partaidetzarako funtsezko gune gisa finkatu dira, eta herritarrek udalerriko zortzi auzoetako beharrak islatzen dituzten proposamenak identifikatu eta eztabaidatu dituzte; hala nola, adinekoentzako jantoki sozialak sortzea, Udala ekimen horretan lanean ari baita dagoeneko, fauna basatia kontrolatzeko ehizaren kudeaketa hobetzea, “txikibusen” bidez mugikortasun iraunkorra sustatzea, eta funtzio anitzeko komunitate-espazioak diseinatzea.
"Proposamen horiek bizi-kalitatea hobetzeko, mugikortasun iraunkorra sustatzeko, ehiza-jarduera arduraz kudeatzeko eta gizarte-kohesioa eta komunitate-ehuna indartzeko ikuspegi kolektiboa islatzen dute", adierazi du Nagore Gomara Partaidetzako zinegotziak.

Gehien errepikatu diren gaiak
Aurtengo auzo-batzarretan hainbat gai jorratu dira; eta bide-segurtasuna eta oinezkoen segurtasuna horietako bat izan da. Zentzu horretan, eta gidariak hiri- eremu osoan eta landa-inguruneetan ezarritako gehieneko abiadura errespetatzearen garrantziaz kontzientziatzeko, Laudioko Udalak bide-segurtasuneko kanpaina bat jarri zuen abian joan den ekainean.
Kanpaina horren barruan, radar ibiltari bat, informazio-seinaleak, zebra-bideetako argiztapen- sistema adimendunak eta Zumalakarregi eta Goikoplazako emotikonoen bi radarrak jarri ziren abian. Horrez gain, ikasleekin eta familiekin ere bide-heziketako ikastaroa egin zen irail amaieran.
Auzotarrek identifikatu dituzten beste gai batzuk hiri-azpiegiturak eta mantentze- lanak izan dira, irisgarritasuna hobetzeko eta hondatutako zoladurak konpontzeko proposamenekin; baita mugikortasuna eta aparkatzea ere, garraio alternatiboa sustatzearen aldeko apustua eginez eta dauden aparkalekuak hobetuz.
Garbiketari eta hondakinen kudeaketari dagokionez, udal-zerbitzuen kudeaketari eta espazio publikoen eta aisialdikoen hobekuntzari buruzko gaiak mahairatu dituzte, baita ondare-balioa zaintzeari eta hiri-ingurunean berdeguneak integratzeari buruzkoak ere.

Herritarrek 10etik 8,53ko notarekin baloratu dituzte saioak. "Balorazio honek bide onetik goazela erakusten digu, eta gure helburua bizilagunak gure herrian gidatzen ditugun ekintzen erdigunean jartzea da", gehitu du Ainize Gastaka alkateak.