Oholtzetara itzuli da Takoidun zapata gorria antzezlana. Duela zazpi urte sortu zuten obra Piszifaktoria ideien laborategiko kideek, Mikel Ayllon idazlearen, Igor Arzuaga musikariaren, Haizea Paris dantzariaren eta Jabi de la Ydalga eta Pablo Ibarluzea aktoreen indarrak batuta.
Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian estreinatu zuten lana, eta beste hainbat tokitan ere plazaratu zuten.
Orain, zazpi urteren ostean, lana berriz taularatuko dute Piszifaktoriako kideek. “Antzerki jaialdiko kideek aurten erabaki dute Off Lokal sailean estreinatutako pieza txikietako batzuk berreskuratzea, eta hori proposatu ziguten”, azaldu du Mikel Ayllonek. Idazle laudioarrak azaldu duenez, hiru lan aurkeztu dituzte guztira jaialdian, baina Takoidun zapata gorria zen ilusio gehien egiten ziena berreskuratzea, jaialdian aurkeztu zuten lehen obra izan zelako, eta baita Piszifaktoria taldeak plazaratutako lehen lan eszenikoa ere.
Ayllonek zehaztu duenez, “moldaketa batzuk” egin dizkiote duela zazpi urteko lanari: “Gutako bakoitza aldatu egin da zazpi urte hauetan, eta Piszifaktoria bera ere aldatu da. Urte hauetan guztietan norabide bat hartu du, antzerkia ulertzeko modu bat, eta gauza batzuk egokitu ditugu ikusmolde berri horretara, nahiz eta gure asmoa ere izan den piezaren esentzia mantentzea”.
Asteartean egin zuten entsegu irekia, Aretako Kultur etxean. Asteburu honetan, aldiz, hainbat pase eskainiko dituzte Gasteizko jaialdian.