"Gure alabaren bihotz taupaden bila ibiltzen ziren erizainak egunero hiru aldiz"

Aitor Aspuru Saez 2024ko abe. 11a, 13:33

Alazne Campo eta Unai Tejada euren alabarekin. / Aiaraldea.eus

ALAZNE CAMPO eta UNAI TEJADA guraso izan dira aurten eta esperientzia gogorra izan da eurentzat. Denbora luzea eman dute ospitalean bere alaba 30. astean jaio behar izan zelako. Hasieran eurena ez ohiko gertakaria zela pentsatu zuten, baina gero konturatu dira jende askori gertatu zaiola eta haurdunaldia zein jaiotza uste baino prozesu zailagoak direla.

Lehenik eta behin, egoera pertsonal oso gogorra igarotzen ari zarete. Zergatik erabaki duzue onartzea elkarrizketa?

Alazne Campo: Orain arte bizi izandako egoerak hobera egin du, gure alaba ondo doa, oraindik ez da amaitu, luze joango da, baina bide onean doa. Gure egoera azaltzeak edonori lagundu ahal badio, primeran. Normalean jendea ez doa berak bizitakoa azaltzen, baina Gurutzetatik atera ginenetik, kalera berriro ateratzean, jende asko hurbildu zaigu berak bizi izandako egoera kontatzera. 

Guretzat aberasgarria izan da, animo eta babes pila jaso ditugu, baina gerturatzen zirenentzako onura ere ikusi dugu, beraien egoeraz hitz egiteko, antzeko zerbait pasatzen ari ziren edo aurretik pasatu duten gurasoentzako. 

Unai Tejada: Ospitaleratuta egon garen bide horretan, Aiaraldeko bikote asko aurkitu ditugu, eta egoera dirudiena baino arruntagoa dela iruditu zaigu. Horregatik azalpen hau, aurretik guk ere ez genuen askori gertatzen zaien arazoa zelaren iritzia, baina askok arazoak dituzte ama/aita izateko gehienentzako prosezu zoragarri den horretan. Guri ere, arazoarekin topo egiterakoan, sortu zitzaizkigun "zergatik guri?" bezalako galderak. Horrelakoak gertatzen direla jakin dezaten egiten dugu elkarrizketa.

Zuen haurdunaldia ondo zihoan, baina bat-batean okertu zen, ezta? 

Unai Tejada: Ez gara guraso gazteak, momentua aurkitzea kostatu zitzaigun, eta aurrera egitea erabaki genuenean ez zen bat-bateko gauza izan. Azkenean, haurdunaldia era arruntean lortuko ez genuelaren susmoa hartzen ari ginenean, azken momentuan heldu zen, justu tratamendua hastera gindoazenean. 

Dena primeran zihoan, froga guztiak ondo ematen ari ziren, eta seme/alaba osasuntsua izango genuen, hogeigarren asteko ekografiara heldu arte. Astelehen batean izan zen Galdakaon. Tamainaz ondo ez zihoala, eta Gurutzetatik deituko gintuzten aste horretan froga errepikatzeko. Txanda hurrengo egunerako eman ziguten, 8:30ean. Txanda horren goiz emanda, egoera larria zela iruditu zitzaigun. 

Alazne Campo: Horrela izan zen. Bat-batean, plazenta ondo eratu ez zela esan ziguten, zilbor-hestea ez zela pasatzen ari gure alabak garatzeko behar zuen guztia, ezin zutela ziurtatu egoerak noiz egingo zuen txarrera, hurrengo egunean edo aste batzuk pasatuta. Haurdunaldiarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu behar genuela, momentuz organo guztiak jasotzen ari zirenarekin, jario ona zeukatela, eta aurrera jarraitzeko erabakia hartzekotan, hogeita hamargarren astera heltzea zela gure helburu berria. Gure alaba oso txiki jaioko zela, eta ezin zutela ziurtatu zein egoeratan.

Nola hartu zenuten albistea?

Unai Tejada: Munduko guraso zoriontsuenak izatetik, kontrakora igaro ginen. Zergatik guri? Zalantza pilo sortu zitzaizkigun, zer edo ozer txarto egin genuen, elikatzea… zergatik gertatu zen? Ni erretzaile izateak lagundu izan ahal zuela… Batzutan gertatzen da eta ez dauka zergatirik, suertatzen da eta listo. Horregatik, egoera oraindik gogorragoa egin zitzaigun. Edozeinek nahigabe lortu zezakeena, guk ezin lortu.

“Bat-batean dena okertzen da eta bakarrik sentitzen zara, ez dakizu zergatik, baina edozeini ondo ateratzen zaiona, zuk ezin!"

Alazne Campo: Bat-batean dena okertzen da eta bakarrik sentitzen zara. Ez dakizu zergatik, baina edozeini ondo ateratzen zaiona, zuk ezin. Gainera zure erabaki hori, zure alabaren bizitza baldintza dezakeen erabakia da, ez dakizu jaiotzen bada, zein egoeratan jaioko den. Erabaki garrantzitsuenaren aurrean bakarrik sentitzen zara.

Berehala oso erabaki zailaren aurrean geratu zineten, gainera.

Unai Tejada: Hogeita hirugarren astera heldu aurretik haurdunaldiarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu behar genuen, inolako ziurtasunik gabe. Aurrera jarraitzekotan, eta hortik aurrera gertatutakoa gertatuta, ez zegoela atzera pausorik, haurdunaldia ezin zela eten, eta gure alaba agertzen zitzaionarekin jaioko zela. Gure bizitza betirako baldintzatzearen aukera hartzea guretzat onargarria zen, baina nola erabaki ume bat ekartzea bizitza honetara bizi duina izango duela bermatu ezin duzunean, hori ekiditeko aukera izanda. Lur jota geunden.

“Nola erabaki ume bat ekartzea bizitza honetara bizi duina izango duela bermatu ezin duzunean? Lur jota geunden”

Behin aurrera egitea erabakita, zein izan zen prozesua?

Alazne Campo: Gurutzetan probak astero egiten hasi ginen. Ekografia bat egiten zidaten astero, Elenak egiten zidan, Gurutzetara ekarritako ginekologian eta obstetrizian aditua. 

Bera gure begiak izatera pasatu zen, azkenengo erabakia gurea izango zen, baina lagunduko zigun. Proba bukatzen genuen egun bakoitzean galdetzen genion astakeri bat zen aurrera jarraitzea, gure alabak sufrimendua nabaritzen bazuen. 

“Nik nabaritzen nuen pilo zelan mugitzen zen nire alabatxoa, ez dakit nola azaldu, baina bere indarra sentitzen nuen”

Hogeigarren astetik zilbor-hestearen egoerak txarrera egin ez zuen, gure alaba jasotzen ari zenarekin mirari bat egiten ari zen, eta organo guztiek jario ona zeukaten. Gainera, nik nabaritzen nuen pilo zelan mugitzen zen nire alabatxoa, ez dakit nola azaldu, baina bere indarra sentitzen nuen, berak hor zegoela esaten zidan, konexio bitxia zen. Ezin ziurtatu egoerak zenbat iraungo zuen, gertatu zitekeela edozein momentuan okerrera egitea. 

Elenaren agerraldia betirako eskertu beharrean gaude, bera gabe gure alaba ez zen gure artean egongo. Betirako egongo da gure bihotzean!

Unai Tejada: Aurrera egiteko erabakia hartu genuen, organo guztiak jario ona izanda, aukeraren bat genuen, gure bizitzako erabakirik zailena. Asteroko ekografiarekin jarraitu genuen, zilbor-hestearen egoerak ezin hoberantz joan, baina okerreruntz ez zihoan behintzat. 

Hogeita zazpigarren asteko probara heldu arte. Zilbor-hesteak berriro gutxira egin zuen orduan, eta Alazne ingresatuta gelditu zen. Ezin zen ezta etxera joan ere bere gauzak hartzera. Aurrera egitea erabaki behar izan genuenetik, bigarren momentu zaila, bazirudien bukatuta zegoela.

“Uhalak egunean hiru alditan jartzen zizkidaten, eta egunero hiru alditan gure alabaren bihotz taupaden bila ibiltzen ziren erizainak. Askotan, txikiegia zenez, eta leku pila zeukanez, probak asko luzatzen ziren, horrek zekarren urduritasunarekin. Aurkitzen ez zuten bakoitzean, egoera bukatu zenaren beldurra sortzen zitzaigun”

Alazne Campo: Orduan egoera berri bat hasi zen, asteko ekografia bi/hiru egunero egiten genuen, uhalak egunean hiru alditan jartzen zizkidaten, eta egunero hiru alditan gure alabaren bihotz taupaden bila ibiltzen ziren erizainak. 

Askotan, txikiegia zenez, eta leku pila zeukanez, probak asko luzatzen ziren, horrek zekarren urduritasunarekin. Aurkitzen ez zuten bakoitzean, egoera bukatu zenaren beldurra sortzen zitzaigun.

Horrela hiru astetan, baina gure alabak bere borrokarekin jarraitzen zuen, heltzen zitzaion gutxi hori kudeatzen, eta gure ametsarekin jarraituz ia hogeita hamargarren astera arte.

Eta azkenean uste baino lehenago erditu behar izan zenuen.

Unai Tejada: Eta azkenean gure helburu berri bihurtutako azken astera heldu ginen. Eta egoerak txarrera egin ezin zuela zirudienean, azkenengo bira. Astelehen horretan Alazne estulka hasi zen, buruko mina…. COVIDaren froga egin eta… hurrengo egunean Rosa etorri zitzaigun, laugarren pisuko ginekologia zuzendaria, Alaznek positiboa eman zuela esanez. 

Nori eta guri, ia ez ginela logelatik ateratzen, bisitak mugatzen genituela, Gurutzetako protokoloa zorrotz errespetatzen genuela. Berriro ere guri.  

Gainera, astearte horretako ekografian plazentak berriro txarrera egin zuen. Zesarea larunbaterako programatuta zegoen, asteburuak larrialdietarako uzten dituztelako, eta astelehenera arte plazentak iraungo ez zuenez, aurreratuko zuten. Eta ostiralera aurreratzeko, ostegunera pasatuko zuten, eskerrak. 

“Hamazazpi orduz egon nintzen monitore bati begira, gure alabak beherakadarik egitean animoak ematen, azken txanpan zegoen”

Asteazkenean, plazentak berriro txarrera egin zuen, gure alabak ia ez zeukan likido amniotikorik. Ni ere COVIDean positibo eman nuen. Azkenengo uhalak gure alaba kontrolpean izateko 19:00etan jarri zizkioten eta zesarea egin arte utzi, hamazazpi ordu. Hamazazpi orduz egon nintzen monitore bati begira, gure alabak beherakadak zituenean animoak emanez, azken txanpan zegoen.

Alazne Campo: Eta osteguna heldu zen, goizeko hamarrak. Gela berezi batera eraman eta zesarea hasi zen. Ez zuten zertan gerturatu, baina han zeuden prosezu luze honetan lagundu gintuzten Rosa eta Elena. Normalean ez ziren erditze eta zesareatara joaten, ez da euren lana, baina merezi genuela esan ziguten, eta ez dugu inoiz ahaztuko. Ez zuten egun horretan han ezer egin beharrik, baina haien presentzia izateak lasaitu gintuen. 

Mina sahiesteko epidurala baino, indar gehiago zeukan sendagai bat eman zidaten, eta magnesio sulfatoa gure alabaren burmuina ahalik eta kalterik gutxien jasateko. Zorabiatuta nengoen hartutakoagatik, zer egiten ari ziren ez nekien, eta bat-batean Elenaren ahotsa entzun nuen, bere burua nirearen ondoan jarri eta dena azaltzen hasi ziren: “Orain mozten ari dira, lasai egon, atera dute, arnasten du eta negarrez dago, hori ona da”. 

Unai Tejada: Eta goizeko hamarrak eta hogeita hamahirutan Nahia jaio zen, inkubadora gelatik atera zuten kablez beteta, beste borroka berri bat, baina hau bere kabuz soilik borrokatzekoa.

Berez, guraso izatea egoera horretan latza bada, zuentzat are latzago izan zen COVIDaren ondorioz, ezta?

Unai Tejada: Lehenengo egunak gogorrenak izan ziren. Alazne laugarren solairura bueltatu zen zesareatik osatzeko. Bere kabuz zutitzeko gai izan arte, ezin zen bere alaba ezagutzera joan seigarren solairura, eta ni batetik bestera nenbilen.

Ostiral goizean zutitu, gurpildun aulki bat hartu eta ezagutzera joan ginen. Berez musukoa jarri behar genuen jaio berrien eremura sartzeko, baina gure kasuan, COVIDa genuenez, are garrantzitsuagoa zen hori. Protokoloa zela eta, negatibo izan arte, ezin izan genuen gure alaba ukitu. 

Alazne Campo: Bere bizitzaren seigarren egunean izan zen, orduan hartu nuen lehenengoz nire alaba.

"Hasieran ezin genuen hartu nahi genuenean. Gutxienez ordu bateko txandak genituen, baina ez bi ordu baino luzeagoak. Pare bat txanda ziren egunean"

Nola sentitu zineten zegoera horretan?  

Alazne Campo: Hasieran ezin genuen hartu nahi genuenean. Gutxienez ordu bateko txandak genituen, baina ez bi ordu baino luzeagoak. Pare bat txanda egunean. Bidaiak gora behera, gauean zure etxera zoaz lo egitera eta zure alaba han uzten duzu. Gogorra da, nekez sentitzen zara ama horrela. Bisitak ere oso mugatuak ziren, familia hurbila, denbora tarte txiki batean, ordu finko batean. Gure egoeran zeuden beste sei jaio berriekin geunden, erizain piloz inguratuta. 

Zenbat denbora eta zein erregimenean egon zarete ospitalean?

Unai Tejada: Berrogeita hamasei egunez egon zen Nahia ingresatuta. Egoerak ez zuen ia atzera pausorik egin, hirugarren astean inkubadoratik berotutako sehaska batera pasa zuten, hurrengo astean bitarteko zainketara pasatu zuten intentsibotik... elikatu eta arnasteko laguntzak kentzen joan ziren. 

"Azalaz azal" deritzon ereduari esker, Nahia hartzeko denborak ere luzatzen hasi ziren, eta Gurutzetan bizitzera pasatu ginen. 08:00etan han ginen, gosaria emateko, eta 20:00etan bueltatzen ginen etxera. Etxera joateko gomendatzen ziguten, geratzen zitzaigunerako prest eta indartsu egon behar ginelako.

Noiz eta nola itzuli zineten etxera?

Alazne Campo: Nahia ondo zihoanez, eta falta zitzaiona pisua hartzea zenez, etxeko ospitaleratze aukera eskaini ziguten. Ingresatuta egongo balitz bezala, baina behingoz etxean. Bisitan etortzen ziren medikuak bi egunero. Beste hamabi egun eman genituen horrela, alta eman arte pisua erritmo onean hartzen jarraitzen zuelako. Etxeko ospitaleratzeko emaitzak ere primerakoak izan ziren, aukera ematekotan ez izan zalantzarik.

Nolakoa izan da harremana osasun langileekin prozesu osoan?

Unai Tejada: Ezin hobea, beraien lanari esker Nahia gurekin daukagu. Plazentaren arazoa aurkitu zigutenean, klinika pribatu batera deitu genuen bigarren iritzi baten bila, eta Gurutzetan esandakoaz zalantzarik ez izateko esan ziguten.

“Aurretik ere horrela uste genuen, baina gertatutakoa ikusita, argi geratu zaigu Osakidetza defenda behar dugula!”

Ez ditugu inoiz ahaztuko, Elena eta laguntzen zion Nerea, Gurutzetako laugarren pisuko langileak, Rosa ginekologia burua, erizainak, medikuak, garbiketakoak, jaio berrien seigarren pisuko taldea, Laudioko pediatriakoak (Mikel, Irantzu…), emandako babesa eta maitasuna, ezin dute beraien lanean maitasun gehiago jarri. Aurretik ere horrela uste genuen, baina gertatutakoa ikusita, argi geratu zaigu Osakidetza defendatu behar dugula!

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Alazne Campo: Etxeko ospitalaratzean alta ematean ateratzen hasi gintezkela esan ziguten, baina era mugatuan. Hasieran paseotxo laburrak, leku jendetsuak ekidinda, kontaktu fisikoa Nahiarekin zainduz, ospitalera bisitan zetozen familia hurbilekoak bai, baina asko mugatuz. 

Unai Tejada: Urrian katarro txiki bat hartu eta hiru egun eman zituen ingresaturik. Asko aldatu dugu gure ateratzeko era, ordu eta leku jendetsuak ekiditen ditugu, ateratzean ere arduratsu ibiltzen gara, nahiz eta gure alabarekin ez egon, kutsatzea sahiestuz, gripearen txertoa lehenengoz jarri dugu biok. Gehiegizkoa dela iruditu dezake, eta denborak normaltasuna ekarriko du, baina momentuz daukaguna da.

“Urrian katarro txiki bat hartu eta hiru egun eman zituen ingresaturik. Asko aldatu dugu gure ateratzeko era, ordu eta leku jendetsuak ekiditen ditugu”

Nola aldatu dizue egoera honek bizitza?

Alazne Campo: Jendea guraso izatean beraien bizitza pertsonala mugatzen du. Gure kasuan gehiago mugatu dugu. Nahiaren egoera dela eta haurtzaindegira ez eramateko (daukan arrisku maila dela eta) baimen berezi bat hartzeko aukera daukagu, adibidez. Lehehengo urte hauetan funtsezkoa da gure alaba ahalik eta osasuntsuen ibiltzea, eta bere hazkundea era motel baina sendoan beste umeekiko berdintzen joatea.

Unai Tejada: Eta guri dagokigun guztia orain Nahiari babes hori ematea da, horregatik utzi diot zinegotzi izateari, adibidez, gustuko ditugun ekintza askori uko egin behar izan diegu, gure bizitza moldatu dugu. Baina bide berri honetan, ezin zoriontsuagoak izan!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide