Abenduaren 15ean, igandea, egingo dute Altzarrate Sariak banatzeko ekitaldiaren IX. edizioa. 18:00etan hasiko da Lamuza Parkeko Kasinoan eta, ohi bezala, Laudioko kirola eta kultura esparruan aritzen diren bost lagun omenduko dituzte.
Gogoratu beharra dago CD Laudio babesten duen jarraitzaile taldea dela Altzarrate eta, horregatik, hain zuzen, lehenengo saria futbol klubari lotutakoa dela. Miguel Angel Yusteri emango diote aitortza hori. Yuste klubeko kidea da, lehen taldea entrenatu zuen 2019/2020 denboraldian, baina hainbat ardura izan ditu.
Ibilbidearen aitortza Nuria Larrinagarentzat izango da. Larrinaga Laudioko hockeyaren esparruan ikurra izan da, eta jarraitzen du izaten.
Kulturaren saria Antonio Oyarzabalen esku geratuko da. Londresen bizi den laudioarra nazioarteko pianojole ezaguna da.
Urteko kirolari onena Arkaitz Eskuza izendatuko dute. Izan ere, kategoria profesionalean aritzen da laudioarra.
Azkenik, Andere Abesbatzari emango diote Altzarrate Sari Berezia.