Arabako Enplegu Anezkak martxan daude azaro amaieratik eta 58 arabar langabek hartuko dute parte. Lan bilaketan ibiliko dira hurrengo hilabeteetan. Egungo lan-merkatuaren eskaeretara egokitutako teknika eta tresna digital berriak erabiliko dituzte horretarako eta teknikari espezializatuen laguntza izango dute.
Horrez gain, adimen emozionala lantzeko dinamikak egingo dituzte eta lan-azterketa plan bat garatuko dute beren helburu profesionala ardazteko. Lan bilaketa eraginkorra izatea du helburu ekimenak eta %60ko batez besteko laneratze-tasa du ekintza honek.
Hiru talde daude, bat Laudion eta bi Gasteizen. Taldekako saioak erdipresentzialak eta online bidezkoak dira eta goizetan biltzen dira. Bost hilabete eta erdi iraungo du egitasmoak eta Araban bizi diren 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Oraindik ere plaza libreak daude parte hartzeko eta esteka honetan eman daiteke izena. Enplegu anezkena ‘Hubs de Activación de la Empleabilidad’ programaren barruko ekintza da eta Arabako Foru Aldundia da laguntzaileetako bat.
Langabezia eskualdean
Eskualdeari dagokionez, langabezia tasek ez dute aldaketa handirik izan azken urtean. 2023 urteko 3. lauhilekoko datuekin alderatuta Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Arrankudiagako langabezia igo egin da aurten. Baina igoera %2 baino txikiagoa izan herri guztietan. Urduña, Okondo, Orozko eta Arakaldon, berriz, langabezia jaitsi egin da aurreko urteko datuekin alderatuz.