Oso pozik agertu da Josu Ortiz Delgado musika zuzendari laudioarra. Izan ere, askotan saritua eta interpretatua izan ondoren, The Himalayas Suite pieza lehen aldiz zuzentzeko "ohorea" izango du.
Igande honetan, abenduaren 15ean, Leongo Hiriko Auditorioan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Leku berean ere interpretatu zuten azaroaren 17an.
Kontzertu-denboraldiaren barruan, "BAE Abesbatzen XXVIII. Konposizio Lehiaketa —BBK Sari Nagusia" lehiaketako epaimahaikide izan ondoren, Gabonetako bost kontzertu zuzentzen arituko da laudioarra.
'The Himalayas Suite' obra
Josu Ortizek Global Music Awards sarietan zilarrezko aipamena eskuratu zuen 2023an. Laudioko musikagileak konposizio klasikoko kategorian aurkeztu zuen berak sortutako The Himalayas Suite piezaren bideoa, Bilboko Udal Musika Bandak interpretatuta, eta zilarrezko saria jaso zuen.
2017an konposatu zuen obra. Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan gradu profesionaleko bosgarren mailan zegoelarik, eta orkestra sinfonikorako eta korurako idatzi zuen The Himalayas Suite. Urte horretako maiatzean estreinatu zuen obra kontserbatorioan bertan.
Gerora, pieza bera bandarekin interpretatzeko aukera luzatu zioten eta orduan egokitu zuen banda sinfonikorako eta korurako. Laudioko Udal Bandarekin estreinatu zuen, 2018ko Gabonetako kontzertuan. Geroztik, askotan saritua eta interpretatua izan da.