Laudio Ikastolatik Bucraako bihotzera eraman dute elkartasuna

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abe. 17a, 12:00

Azaroaren 29tik abenduaren 7ra bitartean egon dira ikasleak Bucraako errefuxiatuen kanpalekuetan eta bestelako errealitate bat ezagutzeko aukera izan dute.

Laudio Ikastolako ikasleek 2009an abiatutako elkartasun ekimenari bultzada berria eman diote azaroaren 29tik abenduaren 7ra arte eta Bucraako errefuxiatu kanpalekuan auzolanean aritu dira.

Gazteek bidaia ordaintzeko behar besteko dirua bildu dute eta elkarlanean aritu dira errefuxiatu sahararrak hartzen dituen eremuan. Nagusien egoitzan Ikastolak finantzatutako ortuko horma margotu dute eta elikagaiak zein arropa eta botikak eraman dituzte.

Baina, horrez gain, bizipen aberasgarria ere izan dute. Izan ere, Erresistentziaren Museoa, ospitalea eta dunak bisitatu dituzte, besteak beste. Baina gehien hunkitu dituena herri sahararraren eskuzabaltasuna izan da. "Ez zaigu falta izan janaririk eta galdetu diegunean ea gogoko duten guk dastatu duguna, erantzun digute ez dutela inoiz jan. Duten guztia eta ez dutena ere eman digute", adierazi dute.

Beste adibide bat ere jarri dute: "Han egon garen bitartean 25 graduko tenperaturak egon dira. Guretzat beroa da, baina eurentzat hotza. Hortaz, etengabe eskaintzen zizkiguten mantak".

Kultura sahararra

Horrez gain, kultura sahararra ere gozatu dute emanaldietan eta, bereziki, tea hartzen. "Errefuxiatuen kanpalekuetan ez daukate gauza handirik egiteko. Askotan elkartzen dira tea edateko eta denbora partekatzeko. Guretzat interesgarria izan da, gure egunerokoan ez baitugu tarterik ingurukoekin denbora pasatzeko", hausnartu dute gazteek.

Tea edateko elkartzen ziren bakoitzean hiru te mota hartzen zituzten. "Lehen tea mikatza zen, bizitza bezala, bigarrena gozoa, maitasuna bezalakoa eta azkena suabea, heriotza bezalakoa".

Oro har, Euskal Herriko biztanleen eta errefuxiatu sahararren eguneroko bizitzen talkak mentalitate aldaketa eragin diela aipatu dute ikasleek.

Argazkiak: Laudio Ikastola

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide