Gaur, abenduak 15, Altzarrate Sarien IX. Gala ospatu da. 18:00etan hasi da ekitaldia Lamuza parkeko Kasinoan.
Herriko futbolaren saria Miguel Angel Yusteri eman zaio. Yuste CD Laudioko kidea da eta lehen taldea entrenatu zuen 2019/2020 denboraldian. Joan den denboraldian Euskal Ligara igo zuen talde gaztea.
Nuria Larrinagak jaso du ibilbide oso baten aitorpena. Laudioko hockeyaren ikurra da, eta Goretti Larrinagaren edota Silvia Manrique txapeldun olinpikoaren mailako jokalarien hezitzailea izan da, besteak beste.
Kulturaren saria Antonio Oyarzabal pianistarentzat izan da. Londresen bizi denez, bere amak hartu du saria, baina aitortza eskertzeko bideo bat bidali du musikariak.
Arkaitz Eskuza urteko kirolari onena izendatu dute, pilotari profesional gisa debutatu baitu.
Azkenik, Altzarrate Sari Berezia Andere Abesbatzari eman diote, arrakastaz betetako ibilbide luzeagatik. Bi kide igo dira saria jasotzera, talde osoaren izenean. Hurrengo urtean 35 urte beteko ditu abesbatzak.