Joxean Urkixok jada hilda dagoen Luis Mari Otiñano "Oti" futbolari laudioarrari buruzko liburua aurkeztu zuen larunbatean Kasinoan. 1960ko hamarkadan Real Madril, Malaga, Sabadell, Osasuna eta Cadiz taldeetan jokatu zuen “Oti”-k.
Omenaldian "Oti"-ren senide, lagun eta lankide ohiak izan ziren, baita kirol eta kultur munduko hainbat ordezkari ere. Liburuaren aurkezpena eta gero, jendaurreko aitorpenak eta oroigarriak eman zizkioten Marta Milagrosa Rivero "Chica" alargunari.
Iratxe Estrada arduratu zen saioa dinamizatzeaz. Urkixok hitz egin zuen lehenbizi, "Oti"-ren figuraren inguruan zertzelada ugari plazaratuta. Horrez gain, Jose Mari Castillo Erroke Deuna kofradiako maiordomoak ere hitz egin zuen, erakunde hori arduratu delako liburua editatzeaz.
Ekitaldian zehar, une esanguratsuenak gogora ekarri zituzten hitzaldi, anekdota eta proiekzioen bidez. Omenaldia egin zitzaion bere irudiari, futbolaren historian eta ezagutu zutenen bihotzean utzi zuen aztarna goraipatuz.
Otiñano Sariak
Otiñano 1997ko maiatzaren 27an hil zen motozikleta-istripu batean, lanera zihoala. Halako arrastoa utzi zuen malagarren artean, bere gizatasun eta ontasunagatik, non, hurrengo urtean, hiri bereko El Candado klubak Kiroleko Giza Balioen Otiñano Saria sortu baitzuen, sakrifizioa, entrega eta laguntasuna aitortzeko.