FIDEL ALONSO

“Artzainaren egoera oso zaila da, ez dago belaunaldi aldaketarik eta artzain txakur bat hasieratik heztea ere konplexua da”

Elene Abaroa Zorrozua 2024ko abe. 17a, 10:00

Fidel Alonso bere kortan. / Aiaraldea.eus

Azken asteetan artzain txakurrak maneiatzen ikasteko eskolak egin dira Laudion. FIDEL ALONSO artzaina izan da ikasleetako bat eta bere Larra auzoko baserrian egin dituzte eskolak. 

Zertan datza Artzain eskola? Nola sortu zen ideia?

Artzaintzan hasteko edo horren inguruan gehiago ikasteko gogoa duen jendearentzako egin dira eskola hauek. Txakurrak maneiatzen dakien irakasle bat dator eta hasieratik erakusten du dena: hastapenak, txakurrari eman beharreko hezkuntza, obedientzia lantzea…

Artzainaren egoera oso zaila da, ez dago belaunaldi aldaketarik eta artzain txakur bat hasieratik heztea ere konplexua da. Arabako Artzain Txakurren Elkartetik ikusi genuen geroz eta artzain gutxiago geundela eta artzaintza nola sustatu zitekeen pentsatzen hasi ginen. Badago jendea dudak dituena edo hasteak lotsa ematen diona. Eskolen bidez irakasleak zer egin behar duzun eta txakurra nolakoa den esaten dizu. Jendea artzain txakurrekin hasteko ideiarekin sortu zen eskola, ez dagoelako horren inguruan mugimendurik. 

Zenbat jende eta zer adinekoa zabiltzate eskoletan?

12 pertsona gara taldean, normalean denak etorri ezin garen arren. 8-9 egoten gara gehienetan. Adinari dagokionez, gehienak 45-50 urte ingurukoak gara. Hala ere, badago 20 urteko bat eta 65 urteko beste bat. 

“Jendea artzain txakurrekin hasteko ideiarekin sortu zen eskola, ez dagoelako horren inguruan mugimendurik”

Nori zuzenduta daude eskolak?

Printzipioz artzain txakur bat duten eta maneiatzen ikasi nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Parte hartzaileak ere abeltzaintzari lotuta egon behar dira. Zallako, Balmasedako, Arrankudiagako, Urduñako eta Laudioko jendea gaude eskoletan. 

Artzain eskolen nolako balorazioa egingo zenuke?

Ni oso pozik nago. Orokorrean zailagoa izango zenaren ideia genuen ikasleok. Irakaslea oso inplikatua da, eta asko daki artzain txakurren inguruan, 30 urteko esperientzia du. Txakurra ikusten duenean analizatu egiten du momentuan eta konfiantza ematen du horrek. Gauzak lantzen ditugunean, hobetzeko duguna esan eta, hainbat kasutan, txakurrarekin zer egin behar dugun eta zer zuzendu behar dugun esaten digu. 

Horrez gain, artzain txakurra instintu asko duen animalia da eta irakasleak txakurrari sen guztiak ateratzen dizkio. 

Zure artzai ibilbidean asko aldatu da artzaintza?

Bai, gaur egun gizarteak eta administrazioak helmuga batzuk exijitzen dizkigu. Lehen hilabete batzuetan soilik ekoizten genuen, gaur egun hori ezinezkoa da. Urte guztian zehar behar dituzu antxumeak eta hilabete gehiagotan ekoiztu behar da. Horrez gain, pabiloia eta azpiegiturak baldintza onetan izan behar dira. Animaliei ere beste era batera eman behar zaie jaten beraiek ere erritmo aldaketa bat izan dutelako. Horrek gastuak, denbora eta diru inbertsioak dakartza, ia urte guztian zehar gaudelako funtzionamenduan.  

“Gaur egun gizarteak eta administrazioak helmuga batzuk exijitzen dizkigu. Lehen hilabete batzuetan soilik ekoizten genuen, gaur egun hori ezinezkoa da”

Zein da zure egunerokoa?

Oraintxe bertan artaldea hiru sortatan daukagu banatuta. Horregatik batzuk kortan ditugu, beste batzuk kanpoan eta beste batzuk mendian. Egunsentiarekin batera hasten gara lanean.  Lehenengo, ukuiluko ardiak jetzi behar ditugu, artxoak kontrolatu eta jaten eman. Ondoren berdina egin behar dugu kanpoan dauden ardiekin eta gero mendikoekin. Arratsaldean ere berriro jetzi behar ditugu animaliak eta jaten eman. 

Oso lan sakrifikatua da? Zer behar da artzain izateko?

Nire ustez modu batera edo bestera lan guztiak dira sakrifikatuak. Guk, adibidez, dugun onena ukuilutik hurbil bizi garela da, etxetik 50 metrotara dugu. Baina egia da ordu konkretu batzuetan egin behar dela lan. Beti egin izan dugun zerbait denez, ohituta gaude. 

Gaur egun, abeltzaintzako azpiegitura duten pertsona asko aspertu edo nekatu egiten dira. Nik eta nire emazteak 1999. urtean muntatu genuen eta horregatik egiten dugu lan honetan, dena dugulako bideratuta. Gaur egun ezin izango genuke lan hau egin zerotik hasi beharko bagina. Prezioak asko igo dira eta gaur egun jende gaztearentzako oso zaila da horrelako zerbait muntatu ahal izatea. 

Artzain belaunaldi berriak datoz?

Hemen ez, Araba, Bizkaia eta Nafarroako egoera oso txarra da. Gipuzkoan gehiago daude ardi gehiago daudelako. Lan nahiko esklaboa da eta, horrez gain, otsoaren arazoa dugu. Arin ibili behar gara ardiak batuta uzteko eta askotan mendiko ardiak ezin dira kontrolatu otsoak hiltzen dituelako. Oso nekagarria da hori.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide