Bi herritarren heriotzak gertatu dira medikuen falta egon den bitartean aurten. Zein izan da Udalaren erantzuna horri aurre egiteko?
Lehenik eta behin, gertaera oso gogorrak izan dira eta samina eragin dute herrian. Udalaren jarduera bikoitza izan da. Alde batetik, familiekin harremanetan jarri gara laguntza eta babesa eskaintzeko, euren gogoa errespetatuta.
Bestetik, ulertzen dugu gertaera horiek ikuspegi politiko eta soziala dutela eta ondorio batzuk atera behar direla. Egindako lehen gauza Gotzone Sagardui garaiko sailburuarekin elkartzea izan zen. Adierazi genion Osakidetzak duen egoerak zer nolako ondorio larri izan dituen Laudion. Halaber, neurriak hartzeko eskatu genion.
Bide batez, komunikazioa eskatu genion anbulatorio berriari dagokionez. Kasu batean zein bestean, ez genuen konpromisorik lortu bere aldetik. Horrez gain, Arabako eta Bizkaiko Medikuen Elkargoekin bildu ginen eta Laudio zein Amurrioko larrialdietako langileekin, egoeraren irudi osoa izateko. Herri mugimenduak sinadura bilketa abiatu du eta guk errespetatu dugu, medikuen faltari jarraipena eginda eta Osakidetzari dagozkion neurriak ezartzea eskatzen.
Zein da antzokiaren eta Abasto plazaren obren egoera?
Biek jarraitzen dute aurrera egiten eta ez dago arazo tekniko berezirik. Espero dugu antzokia 2026ko amaieran inauguratzea. Egia da obra hasi eta gutxira gelditzeko beharra egon zela. Indusketak aurreikusitakoa baino zailagoak izan ziren eta horrek eragin zuen lanen prezioaren igoera.
Orain kudeaketa ereduari buruz hasi beharko gara hitz egiten. Parte-hartze prozesuaren bidez erabakiko da eta helburua da Laudioko kultur eragileek espazio hori baliatzeko baldintzak sortzea.
Abasto plazaren kasuan aurreikuspena da 2025eko amaieran irekitzea. Hemen kezka zen eliza alboan egoteagatik hilerria egotea eta lanak atzeratzea hezurdurak agertu eta gero. Arkeologoa egon zen obran horretarako, baina ez da ezer agertu. Next Generation funtsen bitartez finantzatuko denez, baldintza da aurtengo abenduaren 31rako lanen %60 amaituta egotea, eta uste dugu ez dela arazorik egongo horretarako.
San Roke egoitza zaharraren birgaitzeari uko egin diozue, hori bai.
Aipatutako bi obrak, plaza eta antzokia, obra handiak dira Laudioren neurriko udalerri batean. San Roke egoitzako proiektua ere egikaritu nahi genuen, aurreko legealdian dirulaguntza eskatu zelako. Dena den, dirulaguntza hori eskatu zuten aurreikuspen ekonomiko batzuekin eta guk proiektua erredaktatu dugunean, kostua errealistagoa da eta nabarmen garestitu da. Ondorioz, dirulaguntzak ordainduko ez lukeena gure bitartekoekin egin beharko genuke. Beste dirulaguntza batzuk bilatu genituen edo faseka egitea aztertu, baina ez zen bideragarria. Pena ematen digu, baina arduraz jokatu behar dugu udal ekonomia ez baldintzatzeko eta birgaitze hori atzeratu da.
Omniak utzi zuen udal gobernu taldea ekainean. Nolakoa da orain egoera?
Modu adostuan izan zen irteera, akordiotik. EH Bilduri dagokion ikuspegitik, aldaketak ekarri dio kudeaketa osoa bere gain hartzea, baina ordezkarien zenbakiak ez dira aldatu eta akordioen beharra genuen eta dugu. Hori onartzen dugu eta lehenesten dugu akordioak lortzea. Zinegotzi berriak sartu dira eta udal gobernu taldea eraberritua sentitzen da berriz.
“Gertuko polizia eredua jorratuko dugu udaltzain buru berriarekin”
Udaltzain burua hautatzeko prozesua luzea izan da.
Zaila eta luzea izan da, baina oso pozik gaude eta ilusio handia dugu. Oso aukera ona lortu dugu Laudiorako eta apustu handia dela sinisten dut. Ulertzen dut Udaltzaingorako lan egiteko bi esparru irekitzen dituela. Alde batetik, profesionaltasuna indartzea eta aurrerapausoak ematea. Bestetik, gertuko polizia eredua jorratzea eta aurrera egitea horrekin.
Jon Agirrebengoa Deustuko udaltzain etxeko burua izan da eta postu hori utzi du Laudiora etortzeko. Trebatua dago, jakintza dauka eta polizia eredu berria ezartzeko gaitasuna ere bai. Aldaketa ez da ikusiko egun batetik bestera, baina legegintzaldiko apustua izango da.
Aretako gasolindegiko lanak eten dituzue.
Zehazteko, baimenik gabe egindako jarduera batzuk gelditu ditugu, baina gasolindegia eraikitzeko lizentziak jarraitzen du indarrean. Dena den, horren aurrean plan berezia abiatu dugu gasolindegien eraikuntza arautzeko herrian, egoera ez errepikatzeko. Izan ere, egungo araudia oso malgua da eta aukera ematen du etxebizitzetatik gertu eraikitzeko. Hori egokitu beharra dago. Horrez gain, negoziazioa abiatu dugu herritarren, jabeen eta Udalaren beharrak asetuko duen konponbidea topatzeko.
Arantzarreko aparkalekuko langileek protestak egin zituzten udan, nola amaituko da prozesu hori?
Arantzarreko aparkalekuan konponbide baketsua nahi dugu. Testuingurua da aparkaleku horretan kontratatutako zerbitzua dela ibilgailuen sarrera eta irteeren kontrola egitea, ez zaintza. Kokapenagatik, aparkalekua estrategikoa da eta probetxu handia atera ahal diogu sare industrialerako. Horretarako zerbitzuak hobetu behar dira. Orain amaituko da lizitazio eta zerbitzu gehiago eskatuko ditugu: hesien automatizazioa eta segurtasuna dira gutxieneko baldintzak. Langileak enpresa batekoak dira, baina gu trantsiziorako bidelagunak izango garela.
Amiantoa kendu duzue kiroldegian. Nola doa prozesu hori?
Amiantoa agertu zen udal kiroldegiko bi tokitan. Aldageletan eta harmailen zati batean. Lehen neurria izan da aldageletakoa kentzea. udako tartea baliatu da horretarako. Harmailetan Osalanek iradokitako neurriak ezarri ditugu eta prestatzen ari gara hurrengo lanak han egiteko. Hurrengo udan izango dira obrak.