Laudiok lehenengo Azoka Ekologikoa hartuko du abenduaren 23an

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abe. 19a, 17:05

Produktu ekologikoak topatu ahalko dira azoka berrian. / Aiaraldea.eus

Azoka honek ez du ekimen erraldoi bat izatea helburu, baizik eta merkatu txiki, asterokoa eta funtzionala, non tokiko eta ekologiko ziurtagiridun produktuak erosi ahal izango diren erosleen erosketa-saskia kalitatez eta jasangarritasunez osatzeko.

Hurbileko kontsumo arduratsu eta jasangarriaren aldeko apustua egite aldera, Ekintaeko Elkarteak Azoka Ekologikoaren lehenengo hitzordua burutuko du abenduaren 23an, 16:30etik 20:30era, Laudioko herriko plazan.

Eskaintza batez ere fruta eta barazkietan, artisau- eta ekologiko ziurtagiridun ardoan, tean eta infusioetan zentratuko da. Horrez gain, honako artisauen produktuak topatu ahalko dira: belarritakoak, osagarri ehunduna eta makrame lanak. 

"Azoka honek bertako eta inguruko kontsumitzaileei elikagai ekologikoekin beren erosketa-saskia osatzen laguntzea du helburu, kalitatezko eta jasangarritasunezko aukera bat eskainiz", adierazi dute antolatzaileek.

Azoka Ekologikoa, asteroko zita

Hamabi ekoizlek osatuko dute hasiera batean merkatu honen muina, eta astero txandakatu egingo dira barietatea ziurtatzeko gogoz. Araba eta Bizkaiko hainbat herrietatik bertaratuko dira, honako produktuak eskainiz: fruta eta barazkiak, lorategi eta baratzerako landareak, ardoa eta zerealak, marmeladak eta zukuak, teak eta infusioak, eztia…

Antolatzaileek jakinarazi dute zabalik dagoela ekoizle berriek parte hartzeko aukera eta nahi duen oro izango dela ongi etorria.

Horrez gain, astean behin, artisautzarako espazio bat erreserbatuko da, eta artisauak ere txandakatuko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide