Asteburuan egin zuten Zura taberna eta jatetxearen irekiera Ermualden, modu arrakastatsuan. Berez, ekintza nagusia larunbatean izan zen, baina ostiralean Arloteen bisita izan zuten. "Mezaren ostean askaria prestatu genien eta gero pare bat pertsona geratu ziren bazkaltzera, gure lehen bezeroak, alegia", azaldu du Peru Hernando Goitiak.
Zura tabernaren inaugurazioan jo zuen Malen Atxak. pic.twitter.com/0K7SyuVsaK
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 20, 2024
Larunbatean Malen Atxaren kontzertua antolatu zuten inauguraziorako eta 120 lagun inguru igo ziren Zura ezagutzera. "Polita izan zen, jende gehiena oinez etorri baitzen", aipatu du Hernandok.
Aldaketa positiboak
Peru Hernandok adierazi du jende gehienak positiboki baloratu zuela egindako aldaketak lokalean: "Aulki erosoagoak jarri ditugu, sarrera beste modu batean antolatu dugu eta barraren aurrean bi mahai altu jarri ditugu. Gehienbat, zarata bisuala sortzen zuten elementuak kendu ditugu baserriko xarma, harria eta egurra bistan uzteko".
Jende ugari batu zen Ermualden Zura tabernaren inaugurazioan. pic.twitter.com/a3Iayx1984
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 20, 2024
Karta
Horrez gain, txuletak prestatzen jarraituko badute ere, menu baten barruan egin nahi dute eta karta ere osatuko dute, jendeak edozein unean jateko aukera izan dezan. "Janariari protagonismo handiagoa eman nahi diogu, ea herritarrak hurbiltzen animatzen diren. Pintxoak ere izango ditugu beti".
Udara begira, terraza atondu nahi du Hernandok, jende gaztea ere erakartzeko.
Argazkiak: Uxue Vazquez