Ugarteko II. San Silbestrea lehiatuko da abenduaren 31n 17:15ean, Ugarteko Gazteak taldeak antolatuta, eta Laudioko Udalak, Laudio Atletismo Taldeak eta Ugarteko Auzolan elkarteak lagunduta.
Jadanik 240 kirolarik eman dute izena (40 umeak dira) eta inskripzioa betetzeko aukera gaur bertan agortuko da. 6 euro balio du eta Zuentzaten, Gorka Tabernan, Ugarte Tabernan, El Pozo Tabernan eta Ugarteko kioskoan egin daiteke.
Ibilbidea erraza izango da: auzuneko plazatik abiatu, Lamuza plazaraino heldu eta Ugarte plazan amaituko da, Lamuza parkea zeharkatuta. Hiru aldiz bete beharko dute helduek zirkuitua.
Gogoratu beharra dago, dena den, Ugartekoa dela San Silbestre gazteena eskualdean, Orozkon eta Urduñan ere egiten baitituzte aspaldidanik. Orozkokoa duatloia da eta 16:00etan hasiko da Zubiaur plazan. Urduñakoa, aldiz, 18:00etan Foru plazan.