Atzean geratu dira iazko elkarretaratzeak, mobilizazio jendetsuak eta itxialdiak. Beste fase batera igaro da aurten Autoglas-Glavistako itxieraren auzia, kaleetatik epaitegietara salto eginez. Udaren atarian egin zuten beharginek azken elkarretaratzea. Jada urrun dago noizbait fabrikara itzultzeko aukera, eta beste lanpostu batzuk bilatzeari ekin diote gehienek.
Auzia, baina, ez da amaitu oraindik. Maiatzean berrabiarazi zuten enpresa itxi eta langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea, sei hilabeteko etenaldiaren ostean. Epaileak dokumentazio ugari eskatu zien 2023ko urrian Parter Capital eta Guardian enpresei, baina hauek ez zuten aurtengo apirilera arte entregatu, eta horrek atzeratu zuen prozesu osoa, sindikatuek salatu zutenez.
Akordiorik gabe amaitu zen espedientearen kontsulta fasea, eta uztailean atera zen epailearen ebazpena: Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak arrazoia eman zien Autoglas-Glavistako langileei eta adierazi zuen bidegabea zela behargin guztiak kaleratzeko enplegua erregulatzeko espedientea.
Baina hor ez zen amaitu epaitegietako prozesua. ELAk Guardian eta Parter Capitalen aurka salaketa abiatu zuen hartzekodunen lehiaketaren kalifikazioan, eta azaroan atera zen horren sententzia. Epaileak partzialki onartu zuen sindikatuaren eskaera: ebatzi zuen Terrahe & Associates Beteilingungs (Parter Capitalek Glavista kudeatzeko baliatutako enpresa) zela fabrikaren itxieraren erruduna. Hori espero zitekeen: Parter Capitalen zuzendari maiatzean atxilotu zuten Frantzian, bertako beste lantegi bat porrotera eramatea leporatuta.
Baina epaileak ez Guardian saku berean sartu, beiraren multinazionala izan zen arren 2020an Autoglas-Glavista Parter Capitali saldu ziona.
Dena dela, esan bezala, auzia ez da itxi oraindik. Enpresa ixteko prozesuak aurrera darrai, eta EAEko Auzitegi Gorenak ebatzi beharko du sindikatuek zein inplikatutako enpresek jarritako helegiteei erantzunez. Ebazten horren bidez zehaztuko da, besteak beste, nork hartuko dituen bere gain langileen kaleratzeen kostuak. Ebazpenak ebazpen, ez dirudi enpresaren itxierak atzera bueltarik izango duenik, eta horren emaitza argia da: 240 lanpostu gutxiago daude Aiaraldeko industrian, eta ortzimuga ere ilun dago. Glavista-Autoglas saldu ostean, langileen erdia baino gutxiagorekin geratu zen Guardian, eta ez dago etorkizunean jokaldia errepikatu nahiko ez duenaren bermerik.