Gaur arratsaldeko bostetan abiatu dira aurtengo Laudioko Herri Krosean izena emandako kirolariak Aldai plazatik. Zortzi kilometroko ibilbidea egin dute eta herritar ugariren animo-oihuen artean igaro dute helmuga, Alberto Acero plazan.
Gizonezkoen artean, Ismail Chkhichekh izan da heltzen lehena 24:26 minuturen ostean. Podiuma Ander Uribek eta Ander Diezek osatu dute, 25:03 eta 25:24 minutuko markekin, hurrenez hurren.
Emakumezkoen podiumera, aldiz, hiru laudioar igo dira. Oihane Salcedo heldu da lehenbizi, 31:41 minutuko marka eginda. Garazi Uribarrik (32:19) eta Leire Zaballak (33:20) lortu dituzte bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren.
Koldo Etxebarriak eta Estibaliz Artetak, aldiz, tokiko saria eskuratu dute.
Herri krosak giro ederra sortu du Laudioko erdigunean eta umeek ere korrika egiteko parada izan dute, lasterketa nagusiaren ostean "jolas-festa" hasi baita.