Azken asteetan argiteria publikoan arazo eta gabeziak nozitu dituzte Laudioko hainbat auzotan. Akats teknikoek hutsuneak sortu dituzte Gabonetako argiztapenean eta kaleko farola arruntetan ere. Horren aurrean, Laudioko Udalak oharra plazaratu berri du, kalteen berri eman, eta hartuko dituzten neurriak herritarrei jakinarazteko.
Gabonetako argirik gabe
Tokiko erakundeak adierazi duenez, azaro amaieran funtzionamendu arazoak identifikatu zituzten udal teknikariek. Instalazioaz arduratzen den enpresari egoera jakinarazi zitzaion, Gabonen aurretik arazoak konpontzeko asmoz.
Hartara, Udalak azpimarratu du abenduaren 9an enpresa kudeatzaileari birbidali zitzaiola akatsak jasotzen zituen txosten teknikoa.
Enpresak argiteria publikoa, hau da, faroletan, eragin zituen arazoak, eta ez bakarrik Gabonetako argietan
Ahaleginak ahalegin, Gabon garaian argiteria publikoak ez zuen ondo funtzionatu, lehen eguneko instalaziotik hasita. Laudioko Herriko plazako gabonetako zuhaitza itzalita egon da astebetez, Zumalakarregi etorbideko zenbait argik huts egin dute, eta herriko beste zenbait kaletan argiteria gabezia egon da zuzenean; Laudioko Udalak zerrendatu duenaren arabera. Hainbat izan dira, gainera, egoeraren aurrean tokiko erakundeari kexa helarazi dioten herritarrak.
“Akats asko izan dira bai Eguberriko argiterian bai argiteria publikoan. Ondorioz, aztertuko ditugu zein neurri hartu. Auzokideek beraien haserrea trasladatu digute ere”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak, Udalak zabaldutako oharrean.
Pliegoak aztertu eta neurriak hartu
Egoeraren aurrean, argiteriaren kudeaketaz arduratzen den enpresaren kontratuaren pliegoak aztertu eta neurriak hartuko dituztela azaldu du Udal Gobernuak. Behin azterketa eginda iragarriko dute zein neurri hartuko dituzten.
Bien bitartean, Laudioko Herri Eguberri programak izandako harrera ona txalotu du Udalak. “Gabon hauetan ume eta familia asko hurbildu dira antolatutako ekintzetara, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira oso jendetsua izan zen, bai eta Errege Magoena ere, eskertzekoa da benetan hori guztia posible egin duten elkarte eta pertsona bolonturioen lana”, azaldu du Sonia Respaldiza zinegotziak.