Grebari ekingo diote ostegunean Guardianeko langileek, gaur goizean eta arratsaldean egindako bileretan erabaki bezala. Dena den, horiek ez dira aste honetako mobilizazio bakarrak izango; izan ere, asteazkenean, enpresak labea itzaltzea aurreikusten duen egunean, elkarretaratzea egingo dute itzaltze-lanak oztopatzeko asmoz, 7:00etatik 10:00etara bitartean.
Ostegunean abiatuko dute greba, "epealdi legalak errespetatuz". Asteazken goizean, elkarretaratzea deitu dute fabrikako atariaren aurrean.
Bi bilera deitu ditu gaurko Guardianeko Langile Batzordeak (ELA eta LAB sindikatuek) goizeko zein arratsaldeko txandako langileekin. Goizekoan, "aho batez" erabaki dute langileek greba abiaraztea, eta arratsaldean ere bide beretik jo dute beharginek.
Hasieran, otsailaren 2rako iragarri zuten greba mugagabearen hasiera, labea hurrengo egunean itzaltzen hasiko zirelakoan. Dena den, enpresako zuzendaritzak ordu eskas batzuk behar izan zituen labearen itzalketa prozesuaren hasiera otsailaren 3tik urtarrilaren 29ra aurreratzeko.
Gaur goizean, Laudioko lantegia ixteko erabakiak "atzera bueltarik ez duela" jakinarazi dio zuzendaritzak Enpresa Batzordeari, eta grebari ekitea erabaki dute beharginek. Gauzak hala, urtarrilaren 30an, ostegunez, abiatuko dute greba, "epealdi legalak errespetatuz". Asteazkenean, baina, elkarretaratzea deitu dute fabrikako atariaren aurrean, 7:00etatik 10:00etara.
Epaitegietara jo du ELAk
Gaur goizean ere zabaldu dute premiazko kautelazko neurrien demanda aurkeztu duela ELAk Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzi Nagusiaren aurrean, multinazionalak Laudioko fabrikan dagoen labea itzaltzea eta erabilgaitz uztea ekiditeko.
Osalanen txostena
Mobilizazioak eta epaitegiko salaketak ez ezik, Langile Batzordeak bestelako bideak ere hartu ditu. Esaterako, labea itzaltzeak eragingo lukeenari buruzko txosten bat egitea eskatu dio Osalani. Izan ere, langileek uste dute horrek arriskuan jarriko lukeela eraikina bera eta beharginen segurtasuna.