Atzoko udalbatzan zenbait kirol klubeko ordezkariek hitza hartu zuten euren iritzia plazaratzeko tokiko erakundearen kudeaketari buruz. Izan ere, talde horien aburuz, orain arte indarrean egon den programaren bitartez bete beharko litzateke kirol teknikariaren postua.
Kirola sustatzen duten elkarteen aburuz, arduradunak eskaini duen zerbitzua egokia, gertukoa eta eraginkorra izan da eta ez dute uste epe laburrean aukerarik dagoenik teknikariaren lanpostua berehala egonkortzeko.
Horren aurrean, euren eskaera zen programa berritzea, urtarrilaren 31n amaituko baita.
Udalak adierazi du otsailaren 4an egongo dela lanean teknikaria
Kirol klubek mahairatutako kezkei erantzuteko, Sonia Respaldiza eta Iñigo Martinez Cerrillok hartu zuten hitza atzoko plenoan. Bi zinegotziek ziurtatu dute lanpostuen zerrendan jasotako kirolari teknikariaren postua beteko duen langilea egongo dela otsailaren 4rako.
"Udalerriko kirol-jarduera uneoro egongo da bermatuta, kontratazio honekin behin betiko irtenbide egonkor bat bilatu nahi dugu", azaldu du Sonia Respaldiza zinegotziak.
Udalak erantsi du teknikaria ez dela bakarrik egongo: "Pertsona horrek emango dio zerbitzua arloari; eta arloko gainerako langileen laguntza izango du, arduradunarena, administrazioko langileena eta udaleko kirol-instalazioko langileena, besteak beste. Zeregin horretan, gainera, gobernu-taldearen eta arloko zinegotziaren babesa eta lankidetza izango du".
Iñigo Martinez Cerrilo Funtzio Publikoko zinegotziak, bere aldetik, azpimarratu du erabakia ez dela politikoa, eta legea bete behar dutela: "Martxan jarriko dugun funtzionamendua administrazio publikoaren kontratazio-arauetara mugatzen da, eta ez da inoiz eremu pertsonaletik edo politikotik ulertu behar. Udaleko LPZk arloko teknikari-lanpostu bat aurreikusten du, eta lanpostu horren hutsunea ez da bete sortu zenetik. Horren ordez, administrazioko langileen kategoriari ez dagozkion funtzioak esleitu zaizkion programa bat sortu da. Gure helburua, gobernu talde bezala, zerbitzua bermatzea izan da, udal organigramak berak aurreikusten dituen giza baliabideak aktibatuz".