Garaipen historikoa lortu dute Laudioko Hockey taldeek

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko urt. 29a, 09:00

Ganbegi Hockey Taldea da Euskadiko Txapelduna. / Aiaraldea.eus

Areto Hockeyko Ohorezko Mailako Euskadi Txapelketako lehen eta bigarren postua erdietsi dute Ganbegi HT eta Hockey Laudio taldeek, urtarrilaren 26ko azken jardunaldian garaipen irmoak eskuratu ostean.

Laudioko hockey komunitateak hitzordu garrantzitsua izan zuen iragan urtarrilaren 26an. Izan ere, Granja kiroldegian jokatu zen Areto Hockeyko Ohorezko Mailako Euskadi Txapelketako azken jardunaldia.

Laudioarrek ez zuten hutsik egin eta txapelketako lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten Ganbegi HT eta Hockey Laudio taldeek, hurrenez hurren.

Ganbegi HT faborito

Jardunaldi bikoitzarekin ebatzi zen Euskadiko Txapelketako emaitza, eta Ganbegi HT faborito gisa iritsi zen azken jardunaldira. Txapelketako lider ziren laudioarrak, aurreko jardunaldietan bi partida irabazita eta beste bi berdinduta.

Etxeko bigarren taldea, Hockey Laudio KE, aldiz, Kale Lagunak talde donostiarrarekin berdinduta iritsi zen urtarrilaren 26ko hitzordura. Azkenik, CHS Getxo taldea sailkapeneko azken postuan iritsi zen Granja kiroldegira, bi punturekin.

Ganbegik ez zuen huts egin eta garaipen kontundentea lortu zuen Kale Lagunak taldearen aurka jokatutako lehen partidan, 5-4. Matematikoki txapelketako garaipena eskuratuta zuela, lasaitasunez egin zioten aurre laudioarrek Getxoko hockey taldearen aurkako azken partidari, eta 3-5 gailendu ziren bizkaitarren aurka.

Hockey Laudio taldeak ere etxerako-lanak txukun bete zituen. Kale Lagunak taldea 3-6 menderatzea lortu zuten lehenengo partidan, txapelketako bigarren postua automatikoki kolkoratuz.

Getxoren aurka jokatutako azken partidan ere fin ibili zen Hockey Laudio, eta 5-2 irabaztea lortu zuten.

Garaipen historikoa

Lorpen historikoa da Laudioko bi hockey taldeek eskuratutakoa; Areto Hockeyko Ohorezko Mailako Euskadi Txapelketako txapeldun eta azpitxapeldun titulua eskuratu dute eta. 

Ganbegi HT Espainiako Areto Hockey Txapelketako sektore faseari ekingo dio asteburu honetan bertan. Santanderren jokatuko da kanporaketa fasea, eta bertan n RGC Covandoga, Universidad de Sevilla, CSA Ourense eta CH Sardinero taldeekin egingo dute topo laudioarrek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide