Guardianen itxiera

Labea modu kontrolatuan itzaltzea adostu dute Guardian Glass multinazionalak eta Eusko Jaurlaritzak

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko urt. 28a, 18:52

Guardianek labea modu kontrolatuan itzaliko duela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzak eta Guardianek bilera telematikoa egin dute gaur arratsaldean. Multinazionalak onartu du Jaurlaritzaren proposamena, eta labea modu kontrolatuan itzaliko du, "azpiegituraren integraltasuna bermatuz". Sindikatuek mobilizazio eta greba deialdiei eutsiko diete.

Akordioarekin itxi dute Guardian Glassek eta Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean egin duten bilera telematikoa. Multinazional estatubatuarrak, Jaurlaritzaren eskaerari jarraituz, labea modu kontrolatuan itzaltzea adostu du. Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez "neurri horrek labearen integraltasuna bermatuko du, bai eta industria-jarduera berria ekarriko duten balizko inbertsoreen sarrera ere".

Jaurlaritzak lantalde teknikoa bidaliko du Laudioko lantegira, azpiegituraren egoera ikuskatu eta hozte prozesuaren nondik norakoak kontrolatzeko. Zabaldutako oharrean multinazionalak lantegia ixteko duen asmo irmoa berretsi du exekutiboak.

Guardianek hasiera batean publiko egindako asmoen kontra, hozte kontrolatuak aukera emango luke azpiegiturak barruan duen beira eta eztainua erretiratzeko, eta ez luke labea erabilgaitz utziko. Multinazionalarekin bileran parte hartu duen Mikel Jauregi Industria sailburuak adierazi du neurriak ez duela "lantegiaren etorkizuna hipotekatuko". Industria Sailetik zabaldutako oharrean gaineratu dute Guardianek onartu duela Eusko Jaurlaritza izatea balizko inbertsore berrien interlokutore.

Sindikatuek mobilizazioekin aurrera

Langile batzordeak aurrera jarraitzen du bihar goizerako deitutako mobilizazioarekin. Lantegiaren atarian protestan dira elkartzekoak, 7:00etatik aurrera. Iturri sindikalek adierazi dutenez, bertan egingo dituzte egin beharreko adierazpen eta balorazioak.

Albistea eguneratzen joango gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide