Christopher Leonard The Washington Post edota The Wall Street Journal egunkarietan lan egin du ekonomia kazetari gisa eta 2019an Kochland: The Secret History of Koch Industries and Corporate Power in America liburua idatzi zuen, New York Times egunkariko 2019ko 100 liburu nabarmenen zerrendan sartu zena. Ikerketa lan mardul horretan Leonardek Guardianen jabea den Koch Industries enpresaren disekzioa egin zuen, azaltzeko nola funtzionatzen duen Ameriketako Estatu Batuetako konpainia erraldoiak.
Koch Industries da Guardian multinazionalaren jabea. 2019an idatzitako liburuan Christopher Leonardek azaldu zuen nola jokatzen duen enpresa erraldoiak. Aiaraldea Komunikabidearekin elkarrizketa egin du kazetariak eta hurrengo astean argitaratuko da webgunean
Aiaraldea Komunikabideak kazetariari elkarrizketa egin dio eta hurrengo astean argitaratuko du osorik. Izan ere, Koch Industries da Guardian Groupeko jabea eta, ondorioz, Laudioko lantegia itxi duena. Gauzak hala, hainbat galdera plazaratu dizkio komunikabideak kazetariari: Zergatik hartu duen erabakia Koch Industriesek, zer faktorek izan duten eragina edota zer uste duen gertatuko dela Laudioko lantegiarekin, besteak beste.
Berarekin izandako solasaldian, Christopher Leonardek enpresa multinazionalaren irudi orokor beldurgarria marraztu du: Facebook, Goldman Sachs eta US Steel enpresa ezagunek baino negozio bolumen handiagoa dauka eta, beste hainbat konpainiak ez bezala, ez da akziodunena, familia batena baizik, eta bi anaien artean Bill Gatesek baino diru gehiago daukate.
Horrez gain, kazetariak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari nola jokatzen duen enpresak zentzu anitzetan. Alde batetik, zein negozio ildotan dagoen sartuta (eraikuntza, materialen salmenta, ongarriak...) eta bestetik, ahalik eta etekin gehien eskuratzeko, zer nolako enpresa sareak osatzen dituen lantegiak ixteko ondoriorik jasan gabe. Halaber, Leonardek aipatu du zein den Koch Industriesen harremana Donald Trump presidente estatubatuarrarekin eta, bereziki, Alderdi Errepublikarrarekin.
Hain zuzen, kazetariak mahairatu du Koch Industries dela eragin politiko handiena duen enpresetako bat. Dirutza inbertitzen du horretan eta bere lobby lanaren helburua da, bereziki, negozioak egiteko eta etekinak lortzeko oztopo izan daitezkeen elementu guztien aurka egitea, ingurumena babesteko edo langileen eskubideak defendatzeko legeak edo zergak tartean.