Guardianen itxiera

2.000 lagun baino gehiago mobilizatu dira Guardianen itxiera aurka

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko urt. 31a, 21:05

Guardianeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute Laudion, Laudioko lantegiaren itxiera salatzeko. 2.000 herritar baino gehiagok giza-katea egin dute lantegia inguratuz.

2.000 lagun baino gehiagok egin dute bat Guardianeko enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak deituriko mobilizazioan. Altzarrate futbol zelaitik abiatu den giza-kate jendetsuak lantegia inguratu eta irmo salatu du Guardianen itxiera.

Post by @aiaraldea@tkm.eus
View on Mastodon

Mobilizazio historikoa

Azken hamarkadetako mobilizazio jendetsuenetakoa izan da gaur Laudiok bizitakoa. Txiki geratu dira Guardianen perimetroa inguratzen duten bi kilometroak. Giza-katea Altzarrateko zubira iritsi den unean, manifestazio jendetsu bilakatu da.

Egunotan herritar eta medio guztien ahotan egon den labearen itzaltzea ere oso presente egon da mobilizazioak egin duen ibilbide guztian. "Labea ez dago matxuratuta, hondatu egin dute!", ozen oihukatu  dute beharginek. Izan ere, multinazionalaren hasierako asmoei jarraituz, barruan zuen beira kendu gabe utzi dute labea itzaltzen, azpiegitura erabilgaitz utziz, sindikatuek salatu dutenez. Eusko Jaurlaritzak erabaki horretan izan duen papera behin eta berriz salatu dute manifestazioan.

Guardianeko langileek emozionatuta eskertu dute azken egunetan jaso duten herritarren babes beroa: "Egun gogorrak izaten ari dira, baina gaurkoa izugarria izan da. Eskerrik asko", aldarrrikatu dute Herriko Plazan hitzartzea hasi berritan.

Jaurlaritzaren papera: "amorragarria eta arduragabea"

Kritiko mintzatu dira Guardianeko langileak, Herriko Plazan elkartutako milaka lagunen aurrean. "Gardentasun faltak eta improbisazioak" inguratzen dute Guardianen itxiera, Enpresa Batzordeko kideen iritziz. "Zuzendaritzak jarduera etetea eta enplegua suntsitzea ekidin zezaketen alternatibak baloratu gabe itxi du lantegia. Enpresak hainbat bileratan aitortu digu erabaki hori ez dela labearen matxuragatik hartu, Laudioko lantegian interesik ez dutelako baizik".

Mesfidati dira ere Eusko Jaurlaritzak "balizko inbertsoreei" buruz zabaldutako berrien inguruan. "Amorragarria eta arduragabea iruditzen zaigu komunikabideetan ustezko gestio horiek iragartzen aritzea, egoera honetan zuzenean parte hartzen dutenak alde batera utziz. Jendearen bizitza da jokoan dagoena, eta ez hori bakarrik, baita aurretik inolako ondoriorik gabe suntsitu diren lanpostuak ere, orain eta etorkizunerako jokoan daudenak", adierazi dute batzordeko ordezkariek.

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta Naia Vallejo Torres

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!