420 kiloko Terentzio txerria, San Blas azokako protagonista

Erredakzioa 2025ko ots. 2a, 11:37

San Blas azokak jendetza bildu du Laudion. Kukutze Elkarteak Felisa Astobiza eta Javi Eguia baserritarrak omendu ditu, hitzordua baliatuta. Ikusmira handiena Terentzio XV.aren pisaketak sortu du: animaliak 420 kiloko pisua izan du aurten.

Jendez lepo egon da Laudioko Aldai plaza larunbat honetan. Ehunka lagun igaro dira bertatik San Blas feriaz gozatzeko. Tokiko ekoizleen postuek ezaugarritu dute espazioa goizean, eta Terentzio XV. txerria garabitik eskegita egon da, urteroko tradizioari eutsiz. Albokariek eta Untzueta taldeko kideek, aldiz, musika eta dantzekin girotu dute eguerdia. 

Omenaldia baserritar eta artisauei

Baina unerik hunkigarriena 14:00ak aldera iritsi da. Orduan egin diete omenaldia Tejeriako Felisa Astobiza Iruretagoiena eta Egia baserriko Javi Eguia Ochoari, lehen sektorearen esparruan urte luzez eginiko lanagatik.

Astobizak bizitza osoa darama ortua lantzen, eta oraindik du sartuta grin hori. "Irrikitan nago eguraldi ona izan eta baratzera joateko", aitortu dio 91 urteko laudioarrak Aiaraldea Komunikabideari, eta nabarmendu du "oso polita" iruditu zaiola gaurko omenaldia. Eguiak ere badu baratza, eta baita abereak ere. Maderas de Llodion aritu zen urte luzez lanean, eta fabrikatik ateratzean jotzen zuen baserriko lanak egitera. Gaur egun, aldiz, zail ikusten du belaunaldi aldaketa egotea: "Duela 50 urte baserriak eman zezakeen bizitzeko, baina orain ez". 

Horrez gain, Fidel Largatxa Arzeri ere aitortza txiki bat egin nahi izan diote Kukutze San Blas Feria elkarteko kideek, azokarentzat edizioz edizio eginiko egurrezko tailengatik. Artisau laudioarrak lehen sektorearen alde jardutearen beharra aldarrikatu du, abeltzain eta nekazariak eta artisauak barku berean daudela argudiatuta.

420 kilo

Terentzio XV.aren pisaketak sortu du ikusmirarik handiena. 20:30ean, balantza tradizional bat baliatuz pisatu dute aurtengo txerria. Hiru urtez Ostenkotarren baserrian hazitako animaliak 420 kilo pisatu zituen. Pozik azaldu ziren baserritarrak, txerriaren tamaina pisu zehatzarekin egiaztatu ostean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide