Bertsoek hartu dute Areta larunbatean, Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa prestatzeko

Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 10:10

Aiaraldeko Altubepeko bertso kuadrillak Aretara jo zuen larunbatean Arabako txapelketako finalerdiak prestatzeko eta Arrigorriagako eta Aretako umeen bertso eskola izan zituen horretarako lagun.

Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa dela eta, herriz herri hasi dira bertso egunak antolatzen. Izan ere, aurten kanporaketak finalerdietan hasiko dira zuzenean. Gauzak horrela, larunbatean egin zuten Aiaraldekoa, Aretan.

14:30ean hasi zen bazkaria eta ondo jan ostean ekin zioten kantatzeari hainbat bertsolarik. Bi talde batu ziren: Aiaraldeko Altubepekoak (Serapio Lopez, Unai Mendibil eta Iñaki Cabeza) eta Arrigorriagako Estropozu bertso eskola (Iker Garaitagoitia, Arkaitz Zipitria, Peio Molinuevo eta Aitor Arrutia). 

Horrez gain, eta besteek animatu eta gero, Aretako bertso eskolako ume batek ere parte hartu zuen egunean eta kalera atera zirenean, koplak kantatu zituen.

Ofizio ezberdinak egin zituzten: zortziko handia, zortziko txikia, puntuka, erantzuna... Iñaki Cabezaren aburuz, "ofizio polit bat, gai bat hiru bertsolariren artean, bertso bat bakoitzak eginda".

Aretako Kultura Etxea utzita, inguruko bi tabernetara joan ziren eta kalean ere bertso poteoan jarraitu zuten. Hainbat ofizio landu zituzten: hitz bat asmatu, puntuka, zortziko handia eta txikia...

Martxoan txapelketa

Iñaki Cabezak azaldu duenez, larunbateko Bertso Eguna egin dute erabaki delako zuzenean finalerdiak kantatuko direla Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketan.

Hortaz, bertso egun horiek baliatzen ari dira entrenatzeko txapelketara begira. Martxoaren 15ean izango da hurrengo hitzordua Amurrion. 14:00etan bazkaria izango da Mendiko Eskolan eta 17:00etan saioa. Hiru talde arituko dira: Jainkoaren Seme-alabak (Trebiñu), Bersoespuela (Mendialdea) eta Altubepekoak (Aiaraldea). Irabazleak finalean parte hartuko du.

Argazkiak: Aiaraldeko eta Arrigorriagako Bertso Eskolak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide