Guardianen itxiera

"Koch Industriesek (Guardianen jabeak) erosten badu lan egiten duzun fabrika, etengabe egongo zara itxiera edota salmenta mehatxupean"

Aitor Aspuru Saez 2025ko ots. 4a, 23:00

The Washington Post edota The Wall Street Journal hedabideetan egin du lan Christopher Leonardek. / www.christopherleonard.biz

CHRISTOPHER LEONARD (Kansas, 1975) estatubatuarrak Kochland: The Secret History of Koch Industries and Corporate Power in America liburua idatzi zuen 2019an, Guardian taldearen jabea den konpainiaren jokaera eta oinarriak azaltzeko. Arrakasta nabarmena izan zuen lan horrek, New York Times egunkariak liburu esanguratsuen bere zerrendan sartu baitzuen. Guardianen Laudioko lantegiaren itxierari buruz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidea The Washington Post edota The Wall Street Journal hedabideetan lan egin duen kazetariarekin.

Koch Industriei buruzko liburu ikaragarria idatzi duzu. Zure ustez, Koch Industries enpresa soil bat baino askoz gehiago da, kapitalismo amerikarraren sinboloa dela baitiozu. Konpainia hori boikotatzea ezinezkoa dela argudiatzen duzu, Ameriketako Estatu Batuetan behintzat, Koch Industries nonahi dagoelako. Azalduko duzu hori, mesedez?

Bai, noski. Koch Industries enpresa ikaragarria da, Estatu Batuetako enpresa pribatu handienetan bigarrena baita. Izugarri handia da, baina, era berean, familia bakar baten jabetza pribatukoa da, eta, berez, pertsona bakar batek zuzentzen du, Charles Kochek, AEBko pertsonarik aberatsenetako batek, hain zuzen.

Enpresa ulertzeko, bere tamaina ulertu behar dugu. Bere urteko salmenta bolumena U.S. Steel, Goldman Sachs eta Facebook batuta lortuko luketena baino handiagoa da. Esan bezala, enpresa erraldoia da, baina espezializatuta dago kontsumitzaileei zuzenean saltzen ez zaizkien gauzetan. 

Hau da, inoiz ez dugu Koch markaren izena ikusten, baina enpresak badauzka petrolio findegiak, eraikuntzarako materialen enpresak, energia komertzializatzeko enpresak... edo Guardian bezalako beira enpresak. Gizarteak benetan funtzionatzeko behar dituen merkantzia mota horietan espezializatzen da: energia, eraikuntzarako materialak, lehengaiak, petrolioa fintzeko materiala... besteak beste.

"U.S. Steel, Goldman Sachs, eta Facebook uztartuta lortuko lituzketenak baino salmenta gehiago ditu Koch Industriesek"

Orain, benetan interesgarria dena, nire ustez Guardian Industriesentzat garrantzitsua dena, da momentu honetan, Koch ia-ia kapital pribatuko enpresa bat dela, eta horrekin esan nahi dudana da Kochek izugarrizko diru-kopuruak dituela, eta etengabe inbertitzen ari dela negozio berriak erosiz eta gero ixten dituela behar bezain errentagarriak iruditzen ez zaizkionak. Beraz, inbertsio-enpresa erraldoi bat bezalakoa da ia-ia, enpresa txikiagoak erosi eta saltzen dituena.

Esan bezala, Koch baliabide asko dituzten merkantzia-enpresa mota horietan espezializatzen da, hala nola beira egiten duten enpresetan, eraikuntzarako materiala egiten dutenetan, energia-enpresetan edo fintze-enpresetan. Arlo horietan jarduten du.

Koch Industries Guardian Group enpresaren jabea da, eta egun beira-fabrika oso garrantzitsu bat ixten ari da gure eskualdean. Orain 171 langile baino ez ditu, baina Koch Industriesek 2012an erosi zuenean, 400 baino gehiago ziren. Lantegiak 1970eko hamarkadan 1.015 langile inguru zituen, eta gure herriak ia 20.000 biztanle ditu. Beraz, izugarri garrantzitsua izan da guretzat. Enpresak azken urteetan 200 langile baino gehiago nola galdu zituen azaldu ahal izateko, aipatu behar dugu 2020an, Guardianek Glavistaren zati bat saldu zuela, eta maniobra iluna izan zela. Azkenik, erosi zuen enpresak, Suitzako enpresa batek, 2024an itxi zuen, Guardianekin berarekin zor handia sortu ondoren. Sindikatu batzuek susmoa dute iruzurra izan zela. Modus operandi hori ohikoa da Koch Industriesen?

Tira, ez da ezohikoa, eta hau azaltzea gustatuko litzaidake. Uste dut Kochen bi elementu ikusten ari zaretela han. Lehenik eta behin, enpresak nahita sortzen ditu horrelako egoera oso konplikatuak non lortzen duten enpresa filial txikiago horiek elkarren artean negozioak egitea, elkar finantzatzea, fusionatzea, agian adar bat ixtea… Enpresa benetan espezializatuta dago horrelako maniobretan, arrazoi askorengatik.

Alde batetik, modu horretan, Koch benetan gera daiteke erantzukizunetik at, eta esan nahi dudana da ehunka enpresaren jabe izan daitekeela, baina paperean adierazten du guztiak independenteak direla, eta, beraz, horrek esan nahi du enpresa babestuta dagoela filial horietako baten aurkako demandetatik. 

"Koch Industriesek nahita sortzen ditu egoera oso konplikatuak non lortzen duen enpresa filial txikiagoek elkarren artean negozioak egitea, elkar finantzatzea, fusionatzea, agian adar bat ixtea… enpresa benetan espezializatuta dago horrelako maniobretan"

Hainbat filial erabil ditzake, bolatxoaren jolasean bezala, esaterako, dirua lekualdatzeko, zergak saihesteko, planta bat ixteko… Edo adibidez, fabrika batean kutsadura badago, fabrika hori ixten duzunean, kutsadura horren erantzukizuna ez da itzuliko Koch Industriesen enpresa nagusira, erakunde independentea delako. Beraz, deskribatzen ari zaren konplexutasuna, egia esan, enpresaren jardun osoan ikus daiteke. Etengabe egiten dute hori. 

Nik liburuan azaltzen dut nola erabiltzen dituzten filial desberdinak, adibidez, ongarria saltzeko, zergak saihestea ahalbidetzen dien modu batean: enpresa batek beste enpresa bati salduko diolako, eta horrek beste enpresa bati salduko diolako, eta zerga-galera horiek patronatu osoan deklaratu ditzaketelako. Beraz, konplexutasuna kudeatzeko zailagoa izan daitekeen arren, egia esan, modu bikaina da errentagarriagoa izateko eta erantzukizuna saihesteko. 

Beste alde batetik, lanpostuen murrizketa horiei buruz hitz egiten duzunean eta urteak joan eta urteak etorri gero eta langile gutxiago daudela aipatzen duzunean, hori ere guztiz tipikoa da enpresa honetan. Hasieran esan duzu Kochek benetan islatzen duela kapitalismo estatubatuarra, eta hori guztiz egia da, eta benetan handietsi egiten du enpresa familiarra izateak eta tipo bakar batek, Charles Kochek, kontrolatzeak. 

"Urteak etorri gero eta langile gutxiago daudela aipatzen duzunean, hori ere guztiz tipikoa da enpresa honetan. Kochek benetan islatzen du kapitalismo estatubatuarra, eta hori guztiz egia da, eta benetan handietsi egiten du enpresa familiarra izateak eta tipo bakar batek, Charles Kochek, kontrolatzeak" 

AEBko enpresa handi gehienak burtsa batean negoziatzen dira publikoki, eta, beraz, akziodunei erantzun behar diete. Kochek ez du hori egin behar, eta Charles Koch da benetako ideologoa. Oso libertarianoa da. Ez dakit hori zuek daukazuen tradizio politiko bat den. Eszepzionalismo estatubatuarraren beste kasu bat da. 

Amerikan oso muturreko ideologia hau dago, zeinaren arabera benetan jokatzen utzi beharko liratekeen indar bakarrak merkatuaren indarrak diren. Etekinaren bilaketa gupidagabea, kosta hala kosta. Horrek dakar lanpostuak murriztea, etekinak baxu mantentzea, kutsaduragatiko araudiak saihestea… Liberalismoaren ustez, gobernuak ez luke inolako eginkizunik izan behar: zereginik ez langileak babesterako orduan, lan-zuzenbidean, ingurumen-araudian…

Charles Koch asko aztertu dut, eta oso eragin handia du harengan pentsamolde libertariano horrek eta Austriatik datorren ekonomia eskola horrek, hau da, merkatu libreko pentsalariak, hala nola Friedrich Hayek edo Ludwig von Mises. Haien ustez, gizartea kapitalismoaren printzipioen arabera antolatu behar da soilik, funtsean, zure fabrikan etekinak maximizatzeko beharrezkoa dena egin behar duzula. 

"Charles Koch asko aztertu dut, eta oso eragin handia du harengan pentsamolde libertariano horrek"

Beraz, behin eta berriz agerian geratzen da horrek dakarrela lanpostuak murriztea, soldatak baxu mantentzea, irabaziak baxu mantentzea, lantegiak ixtea, nahiz eta errentagarriak izan edo behar bezain errentagarriak ez badira. Beste edozein indar mota, hau da, komunitate baten ongizatea edo lanpostuak izateko beharra, nagusi edo jabeentzat ez da etekinak maximizatzeko beharra bezain garrantzitsua.

Libertarianismoa aipatu duzu. Orain zenbait erakunde publiko ari da planen bat proposatu nahian, fabrika ez ixteko, eta hori zaila izango da, labea itzaltzen aritu direlako. Baina, nolanahi ere, zuk uste duzu arrakasta izan dezaketela, ala ez dago itxaropenik Kochen ideologia libertarianoari buruz azaldu duzunaren ondoren? 

Espainiako Estatuko sistema politikoek Estatu Batuekin duten desberdintasunen menpe egongo da zenbaterainoko aginpidea izan dezakeen erregulatzaile publiko batek. Agian Estatu Batuetan izan duguna baino zorte handiagoa izango duzue bertan, eta nik hor ez dakit zer gertatu daitekeen. 

Baina, laburbilduz, berriro ere, konpainia hau Charles Kochen ideologiak bultzatzen du erabat. Benetan, erabat gogorra da zuzendaritzaren pentsamoldeari eta kudeaketa-protokoloei dagokienez. 
Enpresa horren atzean dagoen filosofiari begiratzen diozunean, benetan, enpresa zuzentzen duten pertsonek pentsatzen dute gobernu-araudiek ia beti on baino kalte handiagoa egiten dutela, baita asmo oneko gobernu-araudiek ere, merkatuari kalte egiten diotelako.

"Lanari dagokionez, Estatu Batuetan enpresa gogor borrokatu da sindikatuak soldatak edo lan-segurtasuna negoziatzera bultzatuko lituzkeen edozein motatako araudi edo legeren aurka"

Euren hitzetan, araudiekin dagoen arazoa da diruari edo kapitalari ekiditen diotela irabazi bat atera dezaketen leku ahalik eta onenetara joatea, hori baita euren buruan ekonomia bat dardarka mantentzeko modu bakarra. 

Beraz, Estatu Batuetan behin eta berriro ikusi duguna da Koch Industries mozkina maximizatzea geldiarazteko helburuz egindako edozein motatako erregulazioren edo estatu-ekintzaren aurka borrokatuko dela. Eta hori modu askotan ikusi daiteke. Adibidez, ingurumen-araudiei dagokienez, Koch zenbat kutsadura igor dezakeen mugatzen duten arauen aurka borrokatzen ikus dezakezu.

Lanari dagokionez, enpresa gogor borrokatu da sindikatuak soldatak edo lan-segurtasuna negoziatzera bultzatuko lituzkeen edozein motatako araudi edo legeren aurka. 

Hori bai, AEBn uste dut desberdina dela gobernu-eraginaren egoera, industria askoz indartsuagoa dugulako. Hau da, ziur aski entzun duzue lobbyen inguruan edo kanpaina politikoko dohaintzei buruz, eta Koch hemen, AEBn, oso aditua izan da gobernuko erregulatzaileen irismena mugatzen bere negozioan. 

Esan duzu gobernuaren erakunde arautzaile bat kaleratzeak geldiarazten saiatzen ari zela, enpresak lantegia ixtea eragotzi nahian. Hori hemen, AEBn ez da ia inoiz gertatzen. Baina ez dakidana da ea han, panorama politikoa aski ezberdina izan daitekeen erakunde publiko batek itxiera bat gelditzeko edo lanpostuak handitzeko eskumena izan dezan. Nik egin nahiko nizuke orain zuri galdera. Hain eragin handia al duzue presio korporatiboek zuen legegileengan eta agentzia politikoengan? 

"Enplegu-murrizketak eta itxiera geldiarazten saiatzen bazarete, egiten ari zareten gauza bakarra da saihestezina dena atzeratzea edo planta inefiziente bat sorraraztea. Eta ziur nago horrela borrokatuko direla prozesuaren pauso bakoitzean, lanpostuak suntsitu eta lantegia itxi dadin"

Zalantzak ditut. Baditugu kutsadurarekin lotutako araudiak, adibidez, edo lanarekin lotutakoak, baina ez dakit erakunde publikoek horrelako muturreko presioa egin dezaketen edo egin nahi duten, Koch Industries bezalako erraldoi baten gainean.

Ziur esan diezazukedana da Koch zain eta muin borrokatuko dela bidearen urrats bakoitzean. Izan ere, Kochen argudioa zein izango den berma diezazuket: nolabait planta hori ez dela eraginkorra edo irabazi gehiago lor ditzaketeela beste kokapen batean planta bat irekiz, eta enplegu-murrizketak eta itxiera geldiarazten saiatzen bazarete, egiten ari zareten gauza bakarra da saihestezina dena atzeratzea edo planta inefiziente bat sorraraztea. Eta ziur nago horrela borrokatuko direla prozesuaren pauso bakoitzean, lanpostuak suntsitu eta lantegia itxi dadin.

Zer egin dezake Koch Industriesek Laudion geratuko den lantegiarekin? Beste proiektu bat garatu dezake edo lursail eta jabetzekin espekulatzera mugatuko da?

Lehenik eta behin, esan nahi dut ez dudala ezagutza zehatza Guardian Llodiori buruz. Hau da, ez dakit zer egingo duten. Baina, oso sinplea badirudi ere, erantzuna da egingo dutela enpresarentzat errentagarria dena, inbertsioa eta etekinak alderatuta. Erosle bati saltzea, abandonatzea edo galera gisa erregistratzea horren esku egongo da. Etekina handitzen saiatuko dira jabego fisikoetan egindako inbertsioen bitartez. 

"Zer suposatzen duen itxierak Laudiorentzat, zer gertatuko den lursailekin... bigarren maila batean geratuko da Koch Industriesentzat, soilik nahi dutelako inbertitutakoa berreskuratu"

Beste kezka guztiak (zer suposatzen duen horrek Laudiorentzat, zer gertatuko den lursailekin...) bigarren maila batean geratuko dira eurentzat, soilik nahi dutelako inbertitutakoa berreskuratu. Edonola ere, ez dakit ezer plan zehatzari buruz.

Zein izan daiteke itxieraren erabakiaren atzean dagoen arrazoia?

Lehenik eta behin, galdetuko nizuke ea sindikatu indartsuak dauden lantegian. Izan ere, ez naiz beiraren merkatuan aditua, baina ez dirudi merkatu horretan atzerapen sistemikoa dagoenik, inondik inora. Hortaz, eurek egiten dutena da kostuen eta etekinen kalkulu bat, Koch Industriesek Estatu Batuetan duen azpiegitura batekin edo munduko beste toki batean duenarekin alderatuta. Etekinen tartea alderatzen dute eta nire susmoa da han zeuden tarteak ez zituztela asetzen eurek nahiak.

"Estatu Batuetan Koch Industries eta sindikatuen arteko harremana mehatxuetan oinarritzen da. Edo onartzen dituzte soldata txikiagoak edo kanpora eramaten dituzte lantegiak"

Dena den, esango dizut nik behin eta berriro ikusi dudala, eta horrela jaso dut liburuan, mehatxuetan oinarritzen dela Koch Industriesen harremana sindikatuekin Ameriketako Estatu Batuetan. Etengabe mehatxatzen dituzte soldata txikiagoak jasotzeko edo, bestela, beste kokapen batera eramaten dituzte lantegiak, non sindikaturik ez dagoen.

Soldata denez ekoizpenari lotutako kostu finkorik handienetakoa, Koch Industries beti dabil bilatzen eremuak non sindikaturik ez egoteaz gain, langileek botere gutxiago ere duten. Begiratzen dute zenbat ordu lan egiten dituzten, zenbat ordaintzen den aparteko lanordua. Etengabeko presioa da ekoizpena duten lantegietan, izan beira edo eraikuntza materiala. Horrela konpontzen dute presio hori eta hortaz, nire susmoa da soldata eta etekinak direla gako oso garrantzitsua faktoria bat ixteko eta beste leku batera eramateko orduan.

Nork erabaki du Guardian Llodio ixtea, zure aburuz? Guardian Groupeko erabakia izan da edo Ameriketatik etorri da agindua?

Galdera bikaina. Koch Industries egin duena bere ildo ugariekin izan da bakoitzari erabakitzeko botere handia ematea. Ziur Guardian Groupeko Europako arduradunek erabakitzeko gaitasun handia dutela; baina, eguna amaitzen denean, horrelako erabakiak Koch Industrieseko bulego nagusietara joaten dira, Wichitara, Kansasera. Hor dago azken erabakia.

"Tokian bertan sortu ahal izan da lantegia ixteko ideia, baina azken erabakia Estatu Batuetan dago beti"

Jakina, tokiko buruek erabakiak hartzeko autoritatea dute, baina badituzte ere Ameriketako aginduak, bereziki zer nolako irabaziak lortu behar diren ezartzeko eta zenbat diru egin behar duten zehazteko. Ondorioz, azken ardura beti doa Wichitara, Koch Industrieseko bulego nagusietara. Han hartzen dituzte benetako erabakiak eta handik sortzen dira aginduak zehazteko nola jokatu behar duten. 

Gauzak horrela, oso litekeena da Europako arduradunak etekin tarteetara begira egotea, baita kokapen ezberdinetara ere, eta horrela deliberatzea lantegia ixtea, baina azken ardura enpresako entitate nagusira doa, Estatu Batuetara. 

Koch Industries hasi zen Guardian erosten 2012an eta langile batzuen aldetik itxiera susmoak piztu ziren 2016an. Izan liteke hain tarte txikian Koch Industries horrelako erabaki bat hartu izana?

Jakina. Hemen dago gakoa: Koch Industriesek lantegi edo enpresa bat erosten duenean, inbertsioak egiten ditu epe luze erlatiborako, urte batzuetarako gutxienez. Baina ziurtasunez esan ahal dizut daukaten lantegi bakoitzarekin beti baloratzen dutela itxiera edo salmenta. Etengabe. Daukaten edozein lantegi. 

"Koch Industriesek daukan lantegi bakoitzarekin beti baloratzen du itxiera edo salmenta. Etengabe. Daukaten edozein lantegirekin"

Inor ez dago seguru, inoiz. Esan ahal dizut autoritate osoz Koch Industriesko CEO-ak esaten diola presidenteordeari eta honek manager erregionalari eta honek lantegi arduradunari Kochek berrikusiko dituela etekinak eta kontuen egoera hiru hilero, urte erdiro zein urtero, eta urte hori alderatuko dutela aurreko urtearekin, eta ez badute ikusten espero zuten portaera finantzarioa, modu indartsu eta sendoan, itxiko edo salduko dute ia berehala.  

Horrela jokatzen dute daukaten lantegi bakoitzarekin. Hortaz, Koch Industriesek erosten badu lan egiten duzun fabrika, etengabe egongo zara itxiera edota salmenta mehatxupean. 

Ez badute ikusten epe luzean nahi duten etorkizuna, Koch Industriesek sumatzen duenean ez dutela jasoko espero zuen etekin kopurua, unean bertan hasiko da ideien bila lantegia itxi, saldu, fusionatu edo behar dutena egiteko. 

Langile batzuek Ron Vaupeli (Guardianen zuzendari nagusiari) leporatu diote hartutako erabakia. Iritzi hori partekatzen duzu?

Ez daukat informazioa horri buruz zerbait zehatza esateko, baina autoritate osoz erantzun ahal dizut erabakiak hartzen direla maila txikian, gero ertainean eta azkenik goi mailan. Izan daiteke itxieraren ideia hastea tokian bertan, baina azken erabakia gorago dagoen norbaitek hartu behar du beti.

Erabakia publiko egin zuten Donald Trump presidente izendatu zuten egun berean. Egon daiteke loturaren bat bi gertakarien artean?

Erabat. Dakizuenez, Trumpen promes politiko nagusienetakoa izan da muga-zergak ezartzea eta Estatu Batuetatik kanpo ekoizten eta inportatzen ari diren edozein produkturen prezioak igotzea. 

Koch Industries politika horren aurka dago eta ez du gogoko, baina ziur nago Trump presidente bilakatuko zela ikusi zuten minutuan, euren ekuazioa aldatu zutela Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo dagoen lantegi baten errentagarritasunari buruz, zeinak produktuak salduko dituen Estatu Batuetan eta jabe amerikarrak dituen. Hortaz, oso litekeena da lotura zuzena egotea. 

"Koch Industriesen lobby lanak eman dio forma Alderdi Errepublikarrari, eurek erabaki dute zein kongresista geratzen ziren eta zeintzuk ez, hauteskunde kanpainak finantzatuta"

Behin Trump presidente bilakatuta, begien bistan geratu da berehala aldaketa handiak egongo direla politiketan eta, Koch Industriesen ikuspuntutik, iragarriezintasun handia egongo dela, naziorteko ekoizpen eta salmentan.  

Horrek handituko du atzerriko edozein lantegiren arriskua Koch Industriesentzat. Eragin handia izango du, Trumpek nazioarteko ekoizpena eta salmenta kaltetuko dituelako.

Zein harreman dago Koch Industries eta Estatu Batuetako Alderdi Errepublikarraren eta, zehazki, Donald Trumpen artean?

Oso interesgarria da gaia. Izan ere, Koch Industries bada politikoki eragin gehien duen enpresa Ameriketako Estatu Batuetan. Milioiak eta milioiak gastatzen dituzte lobby korporatiboetan eta nahiko kasu berezia bilakatzen du horrek, erakunde politiko erraldoiak saretu baitituzte. 

Ia 50 estatuetan dituzte boluntarioak eta ordainduzko kideak, baita Kongresuko lobbyetako kideak ere, zeintzuek ateak jotzen dituzten eta izugarrizko eragina duten. Hori guztia Koch Industriesek erabili du, gehienbat, Alderdi Errepublikarrean. 

Ez da gehiegikeria esatea Koch Industriesek Alderdi Errepublikarrari eman diola forma. Enpresak hautatu du zein kongresista geratzen ziren eta zeintzuk joaten ziren, hauteskunde kanpainak eta jarduera politikoa finantzatuta. 

Post by @aiaraldea@tkm.eus
View on Mastodon

"Donald Trump eta Koch Industriesen arteko tentsioak daude, baina interes partekatuak dituzte. Adibidez, biak daude sindikatuen aurka"

Hala ere, Koch Industriesek oso harreman tenkatua dauka Donald Trumpekin. Trumpek maiz kritikatzen du Koch Industries. Izan ere, enpresaren ideologia libertarianoak ez du bat egiten Donald Trumpen nazionalismoarekin. 

Egia esanda, bien arteko tentsioa dago, baina esan nahi dut, batzutan Koch Industriesek ez du lagunduko Trump edo bere aurka egingo du zenbait gaitan, baina beste batzuetan erabat ados daude eta lagunduko du. Adibidez, erregai fosilen esparruan, aldaketa klimatikoa ekiditeko legeen kontra edota ekonomia eta lana desregulatzeko edozein legeren alde. Izan ere, Trumpek asko esaten du langile klasea lagundu nahi duela, baina sindikatuen kontra dagoen presidentea da, eta Koch Industries ere sindikatuen kontrako enpresa da. Hor partekatzen dituzte interesak. 

Ez dira lagun minak, baina Koch Industries oso ona da interesatzen zaizkion Donald Trumpen politikak bultzatzen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide