Bilera egin dute gaur Guardianeko Enpresa Batzordeko kideek Industria Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako kideekin. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, eurak izan dira bilera eskatu dutenak, Laudioko lantegian interesa izan zezaketen inbertitzaileen inguruko informazio zuzena jasotzeko erakunde publikoen partetik.
Langileei zabaldutako oharrean azaldu dutenez, Jaurlaritzak ziurtatu die badaudela erakunde publikoekin harremanetan jarri diren "inbertitzaile potentzialak"; baina, era berean, aitortu die kontaktu horiek "oso hasierako fasean" daudela, "inolako ziurtasunik gabe"; eta, zerbait gertatuko balitz, ez litzatekeela "epe motz edo ertainean izango".
Horren aurrean, Enpresa Batzordeko kideek esan diote Jaurlaritzari "berehalakoak" izan behar direla enplegua mantentzeko konponbideak. "Behin langile guztiak kaleratzen direnean, guztiz bestelako egoera baten aurrean egongo gara", ohartarazi dute. Horregatik, "benetako negoziazio eta konpromiso horiek azkartzeko baliabide guztiak" jartzea eskatu diote autonomi erkidegoko gobernuari.
Bihar, bilera zuzendaritzarekin
Guardianen zuzendaritzak, bere aldetik, bilera batera deitu ditu langileen ordezkariak biharko. Enpresa Batzordeko kideek uste dute hitzordu horretan jakinaraziko dietela langile guztiak kaleratzeko espedientea abiatuko dutela. Gauzak hala, aurreratu dute biharko zitaren ostean bilera egin eta mobilizazio berriak iragarriko dituztela.