Arabako Tenis Txapelketa jokatu dute urtarrilaren 25etik otsailaren 1era Gasteizko Club Deportivo Tenis Mendizorrozaren azpiegituretan, eta Laudioko tenis jokalari gazteek parte hartze nabaria izan dute bertan. Maitane Cuadra eta Garazi Gardoki lehenengo eta bigarren postua eskuratu zuten emakumezkoen Alebin mailan. Jon Lujak, aldiz, lehenengo postua eskuratu zuen kategoria berdineko gizonezkoen mailan.
Oso pozik azaldu dira Laudio Tenis Klubeko kideak jokalariek asteburuan lortutako emaitzekin. "Egindako lanak ez du engainatzen. Bost urtetatik daramate tenis-eskolan jokatzen eta entrenatzen, eta lortutako maila begibistakoa da. Datozen belaunaldiek ere maila berdinari eutsiko diote", adierazi dio Andoni Agirretxek Aiaraldea Komunikabideari. Urteetako lanari esker, Laudiokoa "puntako kluba" bilakatu dela azaldu du Agirretxek: "Araba eta Euskadi mailan talde erreferentea gara emakumezkoen tenisean".
Baikortasuna
Baikor azaldu da Agirretxe denboraldi honetan Laudio Tenis Klubak lortu ditzakeen emaitzen inguruan galdetuta. Asteburu honetan Euskadiko Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte emakumezko zein gizonezko talde laudioarrek, eta irabaziz gero Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkatuko dira.
Emakumezkoak Fadura talde getxoztarraren aurka neurtuko dira larunbatean Gardeako tenis pistan. Gizonezkoek, aldiz, Jolasetaren aurka jokatuko dute. "Aurreko partidak erraz irabazi genituen, maila altua ari gara erakusten", adierazi du Agirretxek, "objektiboki, aurten garaipen handiak lortu ditzazkegu".