“Harrera zoragarria izan dugu emakumeok Arloteetan”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko otsailaren 11

Dozena bat emakume batu dira taldera. / Aiaraldea.eus

Dozena bat emakume batu dira Ruperto Urquijoren abestiak goraipatzea helburu duen kantu taldera eta esperientzia zoragarria izaten ari dela nabarmendu dute. 

Astearte iluntzean batu gara eurekin, Ruperto Urquijoren eskulturaren parean. Asteko egun horretan biltzen dira Laudioko Arloteak, ordu eta laurdeneko entsegua egiteko. Ondoren, herriguneko taberna bat hautatu egiten dute, pote bat hartu eta kantuan jarraitzeko. 

Urteak daramatzate dinamika berdinarekin, baina azken hilabeteak apur bat ezberdinak izan dira. Izan ere, dozena bat emakume sartu dira orain arte gizonez soilik osatua egon den taldera. 

Dena den, kasu berezia da Arloteena. Izan ere, nabarmendu dutenez, eurek beti onartu dituzte emakumeak eta, gainera, hainbat andrek jantzi dute taldearen uniforme berdea 60 urte baino gehiagoko historia oparoan zehar. “Gehienak akordeoi jotzaileak izan dira, baina egon dira baita abesten aritu direnak ere”, aipatu diote taldean sartu berri diren emakumeek Aiaraldea Komunikabideari, “baina bai, ez dira inoiz orain bezainbeste egon”. 

Azaldu dutenez, arloteek beti onartu dituzte emakumeak eta, gainera, hainbat andrek jantzi dute taldearen uniforme berdea 60 urte baino gehiagoko historia oparoan zehar. Baina ez dira inoiz orain bezainbeste egon.

Eta nolatan sortu da olatu berri hau? Azaldu dutenez, bi bidetatik iritsi dira taldera. “Batzuk etorri gara San Joan Astobitzako Kofradiatik. Hor ere bazegoen emakumeek parte hartzearen gaia. Bertan parte hartzen hasi ginen emakumeek erabaki genuen Ruperto Urquijoren kantak ikastea, eta horretarako jo genuen Arloteetara”. 

Beste batzuei, aldiz, abuztuko jaietan piztu zitzaien grina. Hala kontatzen du partaide berrietako batek: “San Roke egunean esan nion taldeko kide bati nire betiko ilusioa zela Arlote izatea. Berak galdetu zidan ea zergatik ez nintzen batzen. Nik erantzun nion arloteek ez zituztelako emakumeak onartzen, eta berak nabarmendu zidan hori ez zela horrela. Gauzak hala, hainbat kide animatu ginen”. 

"Harrera zoragarria"

Irailaren 17an egin zuten lehen entsegua, eta urriaren 11n atera estreinatu ziren, Bilboko Txikitero Egunean. Ordutik hona beste hainbat alditan aritu dira publikoki kantuan, eta esperientzia ederra izaten ari dela nabarmendu dute partaide guztiek. “Harrera zorgarria egin digute. Txaloka hartu gintuzten, denbora guztian kantak pasatzen dizkigute, laguntzen gaituzte… oso ondo hartu gaituzte”, nabarmendu dute emakumeek. 

Taldearen abesti errepertorioan, aldiz, ez da aldaketa askorik egon. Ruperto Urquijoren abestiak izaten jarraitzen dute oinarri nagusia. Izan ere, konposatzaile laudioar horren ‘fan club’ moduko bat bezala eratu ziren Arloteak 1963. urtean. Baina ez dira horretara mugatzen. Euskal kantak ere abesten dituzte, eta bestelako kantuak ere prestatu dituzte toki zehatzetan abesteko, baina helburu berdinarekin beti: “Kantatuz gozatzea”. 

Hori da, hain zuzen, arlote berrien helburu nagusia. Hala dio batek: “Niri asko gustatzen zait abestea, eta formatu hau ez da abesbatza bat bezain zurruna, zoragarria da”. 

Partaide berriak batuta ere, erronka bat dute Arloteek zintzilik oraindik: belaunaldi berrietara heltzea. Izan ere, izan hasiberri edo beterano, antzeko adinetan mugitzen dira partaide gehienak. Hala ere, badute indarra urte luzez jarraitzeko. “Nagusiak gara, asko iraun nahi dugu talde honetaz gozatzen jarraitzeko”, aldarrikatu dute barre artean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide