Laudioko EAJk gardentasun falta eta kudeaketan kontraesanak leporatu dizkio udal gobernu taldeari

Maider Ramirez Martin 2025ko ots. 11a, 21:00

Laudioko EAJko udal taldeko kideek zabaldu dute oharra. / EAJ

Alkateari zuzendutako beste idazki bat erregistratu dutela adierazi dute jeltzaleek, eskuratu nahi duten informazio guztia emateko eskatzeko.

Laudioko EAJk EH Bilduren gobernu taldearen jarduna salatu du, "gardentasunik eza eta etengabeko faltsukeriak" leporatuta. Jeltzaleek zabaldutako oharrean adierazi dutenez, gobernu taldeak ez die helarazten eskatutako informazioa, hainbat bidetatik eskatu ostean ere ez.

Ander Añibarro EAJren bozeramailearen arabera, "azken osoko bilkuran, baina baita beste foro batzuetan ere, hala nola bileretan eta batzordeetan, EH Bildu agerian geratu da, askotan egiari muzin egin ondoren", eta jeltzaleen ustez, "horrek guztiak kudeaketan duen zorroztasun falta eta informazioa ezkutatu eta faltsutzeko duen joera erakusten du".

Oposizioko taldeak azpimarratu du jarrera horrek ez diela bakarrik haiei eragiten, baizik eta herritarrei eta horietako asko erantzunik ez jasotzeagatik kezkatuta agertu direla azaldu du. EAJk Ainize Gastaka alkateari azalpenak eskatu dizkionean emandako erantzunak "onartezinak" direla iritzi dute jeltzaleek, alegia "profesionalak ez zirela" eta "erratu" daitezkeela.

Gauzak horrela, udal talde jeltzaleak idazki bat erregistratu du, alkateak eskuratu nahi duten informazio guztia eman diezaien, beharrezkoa baitzaie "lana arduraz egin ahal izateko". Bide horretan, adierazi dute informaziorik jaso ezean, beste instantzia batzuetara jo beharko dutela, informazioa lortzeko duten eskubidea babesteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide