Nongoa zara jatorriz?
Danimarkako kostaldeko hiri txiki batean jaio nintzen. 8.000 edo 10.000 biztanle ginen eta hiri handi bat dago gertu. Laudio eta Bilbo bezala.
Nola bukatu zenuen Laudion?
Nire anaia eta lagun batzuk Portugalera joaten ari ziren 1984an. Bat-batean, furgoneta matxuratu zen autopistan eta Laudioko irteera ikusi zuten. Ibilgailuan zegoen neska batek ezagutzen zituen Danimarkako Gazte Komunistak erakundeko mutil batzuk eta horietako bat, antza, Laudion egon zen aurretik diskurtso bat ematen.
Tailer baten bila sartu ziren herrian eta Keska tabernan amaitu zuten. Oso jende gutxi mintatzen zen ingelesez eta Joxi horietako bat zen. Lagunak egin ziren eta bere etxean bizitzen gonbidatu zion, furgonetan konpondu bitartean. Anaiak neska bat ezagutu zuen eta hemen geratu zen, nahiz eta furgoneta konpondu. Anaia hemen egon zen bizitzen eta gero Donostian.
Danimarkara itzuli zenean, nirekin bizi zen eta uda batean erabaki genuen autoa hartu eta Bartzelona eta Laudiora joatea. Ni aurretik Laudion egon nintzen, 1987an, jaietan, astebetez. Ezagutu nituen Joxi eta Alicia eta nire bikotea ere. Hiru urtez gure harremanean joaten eta itzultzen nintzen, harik eta 1999an Laudiora etorri nintzen bizitzen.
Erabaki zaila izan zen?
Ez. Edozein tokitan bizi naiteke. Niretzat errazagoa zen hemen lana bilatzea eta nire bikotearentzat zailtasun gehiago zeunden Danimarkan: hizkuntza, hotza...
Oso ezberdina da bizitza?
Bai. Danimarkan maila ekonomikoa askoz handiagoa da, baina bizitza soziala ere askoz itxiagoa da. Etxean egiten da bizitza eta hemen kalean. Ni lehen aldiz Laudion egon nintzenean jaietan izan zen, hori txundigarria izan zen (barreak). Bistakoa da diruagatik ez naizela hona etorri, baina nire herrian bi taberna zeuden eta hemen berrehun! (barreak).
Nolakoa izan zen hona heltzea?
Jendeak besoak irekita hartu ninduen. Ez nuen arazorik izan alde horretatik, ezta lana bilatzeko ere. Gaztelania azkar ikasi nuen; tabernan eta Marca egunkaria irakurtzen, ergelentzako gaztelania baliatzen baitute eta erraza da ikasteko. Dena den, danimarkarra, frantsesa eta alemaniarra hitz egiten nuen aurretik. Gainera, jendeak pazientzia dauka. Nire emaztearekin hiztegiarekin mintzatzen nintzen.
Deustuko Hizkuntza Eskolara joan nintzen, baina denbora gutxi, eztabaida izan nuen irakaslearekin berak gramatikalki egokia zena irakatsi nahi zidalako, baina gero hori ez nuen entzuten eta nik hitz egin nahi nuen hemengoek bezala. Azkenean tabernetara joan nintzen, han gehiago ikasi nuen.
Danimarka orain pil-pilean dago, Trumpen mehatxuen ondorioz, nola ikusten duzu egoera?
Kezkagarria da. Eskuin muturrak gora egiten du eta horrela heldu da Trump bezalako morroi bat presidentetzara. Egoera kezkagarria da eta Europa alde txiroena da, ez daukagu lehengairik. Dena daukate Estatu Batuek, Txinak edota Errusiak. Arkakuso bat azazkalen artean bezala gaude. Ez daukagu ezer eta muga-zerga gerra gertatzear dago.
Groenlandiaren egoeraren inguruan zein da zure iritzia?
Groenlandia herrialde erraldoia da kilometro karratuen aldetik, baina 50.000 biztanle baino ez du. Ez dago azpiegiturarik eta Danimarkak, kolonizatzaile orok egin duen moduan, txarto egin du. Groenlandiak independente izateko eskubidea dauka nahi duenean. Momentuz gehiengoak ez du horren alde egiten euren parlamentuan, baina hurrengo hauteskundeetan egin dezakete. Kasu horretan, Danimarkako parlamentuan berretsi beharko lukete erabakia, baina alderdi gehienek erabakia errespetatuko luketela adierazi dute.
Kontua da Danimarkak diru asko ematen diola Groenlandiari, biztanle gutxi baitira ospitalea, polizia edo epaitegiak izateko. Herritar asko danimarkarrak dira eta, adibidez, Groenlandiako ikasleek Danimarkako unibertsitateetan ematen dute izena.
Lehengaiak ez dira ustiatzen Groenlandian?
Bai, alde batetik, oso zaila delako. Izotza da dena, oso garestia da eta arriskutsua ingurumenari dagokionez. Momentuz, badakite petrolioa dagoela, baina ez dute atera nahi. Danimarka herrialde txikia da eta ez dago prest ekonimikoki. Hori bakarrik daukate Estatu Batuek.
Zentzu horretan, Donald Trumpek dio Groenlandian sartu nahi ditu enpresa amerikarrak Elon Muskek behar dituen lur arraroak eskuratzeko. Kalkulatzen dute munduan 1,9 milioi tona lur arraro daudela eta txinarren esku daudela. Groenlandian 1,5 milioi tona daude. Ez dago gehiago.
Nola antolatzen duzu zure bizitza hemen?
Txandetan lan egiten dut, baita nire bikoteak ere. Alaba bat dugu, 18 urtekoa. Lagunekin egoten naiz, partidak ikusten ditut, kontzertuetara joaten naiz... Mendira joatea ere gogoko dut. Danimarkan ez dugu mendirik, laua da.
Danimarkara joaten zarenean aldaketak nabaritzen dituzu?
Bai, bizpahiru aldiz joaten naiz urtero. Aldaketak agerikoak dira, hemen bezala. Hona etorri nintzenean lehen aldiz Bilbo industriala zen. Copenhague ez zen industriala, baina portu oso industriala da. Orain Copenhague oso hiri polita da, jendea bizi da eta autoa ez dute erabiltzen.
Garai batean lakuetatik hurbil bizi izan nintzen. Nire etxetik ikusten nituen. Naturaren aldetik oso polita da, alboko hiri batean lan egiten nuen taberna batean, baina bizitzeko toki aproposa da Copenhague. Zailagoa da bizitzea kanpokoa bazara, itxiagoa delako.
Hemen era aldaketak igarri dituzu?
Europarragoa da. Parranda gutxiago dago, baina oso jende jatorra da. Laudio ez da polita, baina nik asko bidaiatu dut eta nire ondorioa izan da gogokoagoa dudala herri eta hiri itsusietako jendea, atseginagoa delako. Adibidez, Eskozian Glasgowko jendearekin oso gustura nenbilen, baina hiria oso zatarra da. Edinburgo oso polita zen, baina hangoekin ez nintzen horren ondo moldatzen. Hemen antzekoa gertatzen zait Donostiarekin, ez dut berdin konektatzen.
Leku askotan bizi izan zara?
Europako herrialde ia guztietan egon naiz. Ez naiz egon Errusian eta Polonian, baina Sobietar Batasuna existitzen zenean Hungarian, Errumanian eta Yugolasvian egon nintzen. Hamabost urterekin nire arreba eta bere senarrarekin joan nintzen autoz. Alemaniatik sartu ginen eta esperientzia harrigarria izan zen, bereziki, Errumania.
Caucescu zegoen garai horretan eta nik uste nuen herrialde guztiak berdinak izango zirela. Hungarian denetarik zegoen, janaria soberan topatzen zenuen, baina Errumanian sartzean gure lagunek esan ziguten autoa janariz betetzeko. Polizia atzean izan genuen etengabe. Jendeak gelditzen gintuen janaria edota arropa eskatzeko, baina jende zoragarria zen. Landa eremuan familia batek hartu gintuen eta egun batzuk egon ginen han bizitzen.