Cosecha del 48 eta Berakatz Zopako elkarteek iragarri dute Luis Mari Tomé Delgado omenduko dutela martxoaren 27an eguerdian Kultura Etxeko Arraño gelan.
Elkarteek adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari Laudioko jaien antolakuntzan duen prestutasuna aitortu nahi dutela: "Beti dago laguntzeko adi".
Edonola ere, egun horretan irakurriko den testua Josune Ibarra Oruetak prestatu du eta Tomék kirolaren esparruan egindako ekarpena ere aipatuko du (Laudio Eskubaloi Elkartean, hain zuzen).

Dena den, azpimarratzekoa da Toméren parte hartze luzea sanrokeetan. 1959an jaioa, 1975ean Ñorrala kuadrilla sortu zuen Arrañoko lagunekin eta geroztik hamaika modutan alaitu dituzte ospakizunak: zurrakapotea eginda, indaba jana antolatuta, umeentzako ekintzak prestatuta, atzoko gaztearen egunean lan eginda, ski taula lehiaketa deituta Txupinazo egunean eta, azken urteetan, bereziki, Roketxuren erreketa bere gain hartuta kuadrillako lagunekin.