ADIF enpresa publikoak obrak abiatu zituen otsailean Gardeako trenbidea hesitzeko. Guztira, 2,5 metroko altuera izango du hesiak eta porlanezko horma eta burdin sarea baliatuta osatuko dute.
Elementu berri horien helburua da segurtasuna handitzea hiri eremuan, oinezkoek ez dezaten zeharkatu trenbidea egokiak ez diren lekuetatik.
ADIFek adierazi du Basauri eta Urduña artean, guztira, 5,8 kilometrotan hartuko dutela neurri bera. Hortaz, hesi gehiago jar ditzake oraindik eskualdean.
Hori bai, landa eremuan dauden tarteetan itxitura zutoin eta sare metalikoarekin egingo dute.
Enpresak ziurtatu du lanek ez dutela trenen trafikoan eraginik izango eta esku-hartzeak milioi bat euroko inbertsioa ekarriko duela.