Mugagabe Trail Lasterketak tokia egingo die zentral eolikoen kontrako aldarrikapenei larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2025ko ots. 27a, 13:00

Mendian lehiatzen da Mugagabe Trail lasterketa. / Mugagabe Trail

Mugagabe Trail Lasterketa egingo dute martxoaren 1ean eta antolatzaileak elkarlanean arituko dira Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarekin.

Mugagabe Trail Lasterketaren edizio berria egingo dute larunbatean. Goikogane, Mugarriluze, Kamaraka, Arrabatxu, Alpitxu eta inguruko hainbat mendi zeharkatuko ditu, eta bikoitza izango da. Alde batetik, proba luzea egongo da, 28 kilometrokoa dena eta 1.800 metroko desnibela duena. Bestetik, ibilbide laburra egongo da, 11 kilometrokoa eta 630 metroko desnibelekoa.

550 lasterkarik eman dute izena proban

Luzeena 09:15ean abiatuko da Laudio Institututik eta laburragoa dena, aldiz, 10:00etan. 11 kilometroko ibilbidea 12:05ean amaituko beharko dute parte hartzaileek eta 28koa 14:30ean.

Lasterkari ugari espero dira herrian. Izan ere, agortu dira dagoeneko dortsal guztiak eta 550 kirolari bertaratuko dira orotara. Horrez gain, 50 boluntario arituko dira antolakuntzan, Ivan de la Cruz antolatzaileak adierazi duenez.

Aiaraldeko Mendiak Bizirikekin elkarlana

Kirol jarduera naturari lotuta dagoenez, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak aukera baliatuko du, antolatzaileekin elkarlanean, zentral eolikoen kontrako mezua zabaltzeko.

Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak jaso eta elkarretaratzea egingo du Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak lasterketa baliatuta.

Horrela, informazio mahaia jarriko dute Laudio Institutuan eta, aldi berean, aukera emango dute Ferosca I proiektuaren kontrako alegazioak sinatzeko. 09:45ean  argazkia egingo dute ibilbide laburra egingo dutenekin eta 13:30ean elkarretaratzea deituko dute Lamuza plazan.

Plataformak hurrengo astean zabalduko ditu alegazioak, martxoaren 14an amaitzen baita epea aurkezteko, baina larunbatean bertan ekin nahi diote horiek lantzeari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide