SOSLAIA

Itxaso

Maiteder Intxaurraga 2025eko martxoaren 3a

Asteburuan zendu da Itxaso Garrote Mellado.

Betidanik elkar ezagutzen ginen, Laudiotik elkar ikusita. Baina bizitzak nahi izan zuen Laudioko Ikastolan lanean hastea, eta inoiz esan ez dizudan arren, zer hobe zure eskutik egitea baino.

Gela bikotea izan ginen denbora batez, eta hasieratik sentiarazi zenidan behar nuen lasaitasuna, segurtasuna eta laguntza. 

Lanera joatea maite zenuen, haurrekin egotea; beti maitagarria, gauzak mimoz eginez eta irmoa izan behar zenuenean ere.

Horrela hasi zen adiskidetasun handi bat, bizitzak egin ditzakeen alderdi eta modu guztietan batu gintuena. Eta bizitzak zenbat buelta eman dizkigun, ezta?

Zenbat aldiz txantxa egiten genuen kafe artean gertatutako guztiarekin liburu bat idazteaz. Batzuetan barre egitea zen negar egitea ekiditeko, baina beste batzuetan ez zen negar egitea beste erremediorik geratzen. Baina beti gogoan izango dut irribartsu eta bihotza pozik elkar agurtzen genuela; gure terapiarik onena. 

Badakit maitasuna bere forma guztietan gozatu duzula. Zu zeu maitasuna mugimenduan izan zara beti. Oso gustura ibili zara zure ingurukoekin, etxekoekin, zure lagunekin... Disfrutona beti, zure irribarre eder horrekin, eta zeinekin gogoratuko zaitugun.
 
Orain badakit kosta egingo zaigula guztioi zurekin gogoratzea eta triste ez sentitzea, uzten duzun hutsunea izugarria delako. Baina gutako bakoitzarengan utzi duzun maitasuna hain handia da, Itxaso, ziur nagoela zutaz gogoratzen garenean irribarre egingo dugula.

Bizitzak ezusteko ederrak izan zituen eta beste batzuk ez hainbeste. Eta hemen ere partekatu behar izan genuen bidea, bizitzaren bueltak berriro ere, ezta? Bira hauek ez ziren jada hain atseginak, eta nahiko zaila zen egoera askori buelta ematea. Baina beti hor zeunden, mezu batekin, dei batekin, kafe bat lauron artean... Izugarria da nola beti altxatu eta aurrera begira jarri zaren. Nahiz eta gorputza minduta izan, zu eta nire artean, minik handiena ariman sentitzen zen. Horregatik, oraindik hemen gaudenok zerua eta lurra mugitzen jarraituko dugu ikerketa gehiago eskatzeko. Zugatik, izan zirenengatik, jarraitzen dugunongatik, eta, zoritxarrez, etorriko direnengatik.

Oraindik eta guztiarekin, eskerrak ematen dizkiot bizitza honi gure bidean jartzeagatik. Zure barreaz gozatzen uzteagatik, algara ahaztezin horiek konpartitzeagatik eta noizbehinkako eztabaidak ere. Zure zati bat gutako bakoitzean utzi duzu, eta hori inork ezingo digu kendu. 

Eta zer hoberik ixteko, elkarrekin geundela beti agur esan didazun bezala baino: "Maiteder, BIZI BIZI!!!". Eta horretan jarraituko dugu, ez izan zalantzarik.

Itxaso, maite zaitugu eta beti gurekin izango zara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide