Antropozenoaren nostalgia narrazio-liburua argitaratu du Patxi Iturregik, Elkar argitaletxearen eskutik, eta ostegun honetan, hilak 6, aurkeztuko du Faktorian. 19:00tan izango da solasaldia, eta Aiaraldea Komunikabideak zuzenean emitituko du Aiaraldea.eus atarian.
16 pilula antropozenoaz
Orainaldiari eta etorkizunari ironiaz begiratzen dioten hamasei ipuin bildu ditu idazleak, haien arteko loturarik gabekoak. Hain zuzen, bizi garen aro geologikoa da antropozenoa eta gizakiak Lur planetan izandako eragina adierazten du izendapenak.
Garai horretan kokatzen dira liburuko ipuin guztiak, bat izan ezik. Hainbat distopia eta heterotopia irudikatzen dituzte kontakizunek; hau da, etorkizunean kokatutako ongizatearen aurkako gizarteak edo arau propioak dituzten mundu paraleloak.
Familia eta bikote harremanak ardatz dituen liburu honetan, askotarikoak dira Iturregik jotako ertzak: globalizazioa, negazionismoa, desinformazioa, ekomonetak, turismo jasangarria... eta beste hainbat gai topatuko ditu irakurleak liburuan.
Ibilbide luzea hizki artean
Iturregiren seigarren narrazio-liburua da Antropozenoaren nostalgia. Haize kontra (1996, Elkar) izan zen bere lehen liburua, eta gaztelaniazko bertsioa ere osatu zuen Idoia Santamariarekin batera. Ondoren etorri ziren Behi eroak (2003, Elkar), eta Dioramak (2006, Elkar). Azken urteetan, Ur biren artean (2019, Elkar) eta Estuarioa (2022, Ediciones El Gallo de Oro) argitaratu ditu eta biak izan dira gaztelaniara itzuliak.
Patxi Iturregiren ipuin-bildumen apalategia osatzera dator, beraz, Antropozenoaren nostalgia.
